22:30ean
'Txiki' eta Otaegiren kasua, gaur gauean, "Vamos a Hacer Historia" saioan
EiTB
Saioak kasua xehetasunez aztertuko du fusilatuen familiarteko eta bizilagunen konpainian.
Gaur gauean, "Vamos a Hacer Historia" saioan, Elene Lizarralde kazetariak eta Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialariak 1975eko irailaren 27an frankismoko azken exekutatuen artean zeuden bi lagunen patua erakutsiko digute; Jon Paredes Manot, 'Txiki', eta Angel Otaegirenak. Fusilamendu horiek estatuaren krimen bezala izendatu ziren, eta bai Espainian eta baita bertatik kanpo ere protesta gogorrak sortu zituzten.
Saioak epaiketetan zehar izan ziren hainbat irregulartasunetan jarriko du fokua. Irregulartasun horien helburu bakarra Erregimenak aurrez hartutako erabakiari zilegitasuna ematea zen.
Familiartekoei esker jakingo dugu Txiki nolakoa zen. Jatorriz Extremadurako mutil idealista bat bazen ere, Zarautzera etortzearekin batera euskal kulturan guztiz murgildu zen. Denborak aurrera egin ahala, ETAn sartu zen. Angel Otaegi, bestalde, Urolan hazi eta hezia izan zen, eta hark ere talde armatuarekin kolaboratzen amaitu zuen.
Bai Txikik, eta baita Otaegik ere, garbi utzi zuten gerra-kontseiluetan beraiek ez zirela egozten zitzaizkien krimenen egile, baina justiziak ez zuen kontuan hartu horien errugabetasuna froga lezakeen daturik.
FRAPeko beste hiru kiderekin batera, fusilamendu pelotoi baten aurrean amaitu zuten, 1975eko udazken goizalde batean. Iritzi publiko guztia aurka bazuen ere, Aita Santua barne, Francisco Franco diktadoreak ez zion inori jaramonik egin, eta pare bat hilabete geroago hil zen.
"Vamos a Hacer Historia" saioaren "La Noche Más Larga" atala, gaur, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.