Estreinaldia
"Vaya Semanita", bueltan
EiTB
eitb.eus-en bitartez itzuliko da, "VS Xtream" bilakatuta. Bideo berriak plataforma guztietan egongo dira ikusgai (web, mugikorretako aplikazioak, smart tv eta sare sozialak).
Your browser doesn’t support HTML5 video
Bueltan dator "Vaya Semanita"ren umorea EiTBra. Ostegunetik aurrera, urriak 15, "Vaya Semanita Xtream"en bideoak eskainiko dira, eitb.eus-en. Plataforma guztietan egongo da ikusgai (web, mugikorretako aplikazioak, smart tv eta sare sozialak).
"Vaya Semanita" umore-saioa 2003ko irailean estreinatu zen ETB2 katean. Orain, hamazazpi urte geroago, eitb.eus-en bitartez itzuliko da "VS Xtream" bilakatuta EiTBko plataforma digitaletan emateko. Helburua, lehengo bera: egunerokoari eta aktualitateari barre egitea, eta umorez gure inguruan jazotzen dena islatzea.
Pausokak ekoiztuta, Javier Garcia de Vicuña da Iker Galartza, Andoni Agirrekomezkorta, Maribel Salas, Miriam Cabeza eta Lorea Intxausti aktore taldearen zuzendaria. Minutu eta erdi inguruko esketxak landuko dituzte aktualitatearen inguruan. "COVID-19ak aktualitatearen zati handia betetze badu ere, 'VS Xtream' saioak beste gai batzuk ere jorratuko ditu, begirada fresko eta dibertitua eskainiz" azaldu du zuzendariak.
(Argazkia: EiTB)
Bideoetako batzuk euskaraz izango dira, beste batzuk gaztelaniaz, eta zabaltzeko bidea sarea. "eitb.eus-en ikusi ahal izan dugunez, ikus-entzule gazteek, alegia, bere garaian saioa zuzenean jarraitu ez zuten gazte askok, egun esketxak ikusi eta jendarteratu dituzte hainbat sare sozialen bidez. Hartara, ekimenak harrera ona izango duela uste dugu" adierazi du Iñako Gurrutxagak, EITBnet-eko Edukien buruak. Halaber, Garcia de Vicuñak erantsi du sarea oso ondo egokitzen dela Vaya Semanitaren formatura. Egunero esketx berri bat zabalduko dute euren webgunetik, eta ondoren Twitter eta Facebooken banatuko da.
(Argazkia: EiTB)