20:00ean
Oñatiko Olabarrieta auzoan izango da, gaur, "Historias a Bocados" saioa
EiTB
Joseba Arguiñano Mikel Lizarralde, Nikolas Igartua eta Nestor Altzelai bizilagunekin bilduko da.
Gaur, urriak 18, "Historias a Bocados" saioak Olabarrieta bisitatuko du, Oñatiko 16 landa-auzoetako bat. Joseba Arguiñanok solasaldia, mahai-zapia eta eguneroko lanak partekatuko ditu bertako hiru auzokiderekin.
Mikel Lizarralde Olabarrietan jaio zen duela 59 urte eta gaztetan Oñatiko lehen txirrindulari profesionala izan zen. Bere lehen errepideko bizikleta 7.000 pezetatan erosi zuenetik, 14 urte zituela, gaur egun arte, txirrindularitzari estuki lotuta egon da. Oñatin bizikleta-denda bat zabaldu zuen, eta negozio hori handituz Arrasaten eta Legazpin beste bi denda martxan jarri izan ditu. Bi bizikleta elektrikoren gainean, Mikelek eta Josebak Olabarrietatik buelta bat emango dute, gurutzadura bitxi batean geldialdia eginez. Ondoren, hirugihar barbakoa, arkume txuletatxoak eta odolkiak egingo dituzte.
Nikolas Igartua 64 urteko bizilaguna da, eta Josebari erakutsi nahiko dion lehen gauza auzoko Elkarte Gastronomikoa izango da. Hori ez ezik, Josebari sukaldean nola aritzen den ere erakutsiko dio legatz kokotea txirlekin eginez. Gero, Gastronomia Elkartearen kanpoaldean, prestatuko plateraz gozatuko dute biek, Francisco Aita Santuarentzat propio egindako ardo botila batez lagunduta. Dena den, Nikolas eta bertako bizilagun guztiak harro daude Olabarrietak hornitzen duen ur-biltegiaz. Elkarrekin joango dira hara, Nikolasek berak konpondu eta margotutako motozikleta zahar banaren gainean. Ur-biltegi honen historia eta garrantzia ezagutuko du Josebak ibilalditxoan.
Nestor Altzelai Olabarrietako artzain eta gaztagilea da, 50 urte ditu eta urtean zazpi hilabetez mendian bizi da, 1.200 metroko altueran, ardien zaintzarako borda batean. Gainerako bost hilabeteetan aldiz, auzoan bizi da, baserrian. Egiten dituen gaztak dastatzeko eskainiko dio Josebari. Gero, Arguiñanok, esker onez, kremaz eta txerri-azalez salteatutako barazkiekin plater bat prestatuko dio. Biek baserriaren kanpoaldean dastatuko dute platera, eta Nestorrek mendian eta baserrian duen bizitza nolakoa den kontatuko dio, baita artzain eta gaztagile lanbidean duen egunerokotasuna nolakoa den ere.
"Historias a Bocados" Olabarrieta auzoan izango da gaur, 20:00etatik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.