Itxi

Aste honetan

Antonio Lopez artista gertutik ezagutuko du 'EITB Kultura' saioak

A.A.

EITB

Olatz de Andres koreografo eta dantzariaren lan berria ere ezagutuko dute eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zine Astean ikusgai izango dena aurreratuko dute.

Antonio Lopez. Argazkia: EITB

Antonio Lopez artista ezagutuz hasiko da aste honetako 'EITB Kultura' saioa. Bilboko Arte Eder Museoan zabalik duen erakusketaren aitzakian, Ciudad Realeko artistaren bizitza eta lana errepasatuko dute.

Bigarren protagonista Olatz de Andres koreografo eta dantzaria izango da. Jean-Luc Godard zinegilearen Alphaville filma oinarri hartuta, Privolva pieza sortu du.

Laster Donostian izango diren bi kultur ekitaldiren berri emango dute segidan. Fantasiazko eta Beldurrezko Zine Astearen 22. edizioan hainbat pelikula lehiatuko dira: Chillerama, Masks, Troll eta Hunter , besteak beste. Gainera, Asier Abio errealizadoreak bere zortzigarren laburmetraia estreinatuko du: Bariku light.

Kutxa Kultur Festibaleko egitaraua ere prest dago eta xehetasun guztiak Sergio Cruzadok ekarriko ditu 'EITB Kultura' saiora. Wilco, Christina Rosenvinge, Primal Scream eta We Are Santandard-ek zuzenean joko dute, baita hiriko beste hainbat taldek ere, euren musika ezagutzera emateko aukera eskainiz. Rock Privado eta Krell gonbidatu dituzte aurten.

Musikarekin jarraituz, The Cherry Boppers bandaren lan berria entzuteko parada izango da. Bizkaitarren bigarren diskoa da Shaking the hood izenekoa. Soul, rock eta jazz estiloak psikodeliarekin nahasten dituzte . Taldeko kideak elkarrizketatzearekin batera, 'The harves' bideoklipa erakutsiko dute.

Amaitzeko, bi arte proposamen dakartza EITBko kultur leihoak, biak ere Donostian: 'Starring', Errequerre galerian ikusgai dagoena, eta 'Federico Fellini, el circo de las ilusiones', San Telmo Museoan.

'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 23:10etik aurrera ETB-1en, asteartean 00:50etik aurrera ETB-2n eta ostiralean ETB-3n 22:30etik aurrera.