Itxi

ETB-2n

Bizikidetza Euskadin aztergai, 'Plaza Euskadi' saio berrian

A.A.

EITB

Gai ezberdinen inguruan herritarrek duten iritzia bilduko duen dokumental saioaren bigarren atala izango da. Lehendabizikoa pasa den ostiralean eman zen, indarkeriaren amaiera dela-eta.

'Plaza Euskadi'. Argazkia: EITB

'Plaza Euskadi' saio berriaren bigarren atala eskainiko du ETB-2k ostegun honetan, 22:15ean. Dokumental saioa da 'Plaza Euskadi', gai ezberdinen inguruan herritarrek duten iritzia bilduko duena. Indarkeriaren amaiera iragarri zuen ETAren komunikatua dela-eta, erreportaje berezia izan zen ikusgai pasa den ostiralean, Hora 0 izenburupean. Ondorengo hiru atalek bizikidetzarekin lotura duten gaiak izango dituzte ardatz: kaleko jendearekin hitz egingo dute eta bakearen eta giza eskubideen alorrean diharduten analista, elkarte eta erakundeen ikuspuntua geureganatuko dute.

'Plaza Euskadi' saioak berdintasunez jokatuko du protagonista hartuko dituen hiritar guztiekin, adierazteko eta euren iritzia emateko duten eskubidea errespetatuz. Galdera errazak eta oinarrizkoak egingo dizkiete, eta ahotan hartuko dituzten gaiak orotarikoak izango dira: politikari buruzkoak, ekonomikoak, kultur mundutik datozenak, gizarte alorrekoak... Zehaztasunez jokatuko dute, irizpide informatiboak kontutan hartuz, baina ikus-entzuleen sentimenduetara ere iritsi nahiko dute. Maite Esparza kazetariak egingo ditu gidari lanak solasaldietan. Azken helburua, euskal gizarteari hausnarketarako bidea zabaltzea izango da.

Ostegun honetako atalean eta datozen bietan ere bakeari eta bizikidetzari buruzko iritzi ezberdinak bilduko dituzte: tolerantzia, pluraltasuna, adierazpen askatasuna eta indarkeriaren deslegitimazio politiko, sozial eta etikoaz jardungo dira. Lehenengo erreportajeak, Encuentro izenburupean, biktimak eta elkarteak batuko ditu; bigarrenak, Convivencia izenekoak, analisten hausnarketa ekarriko du; hirugarrenak, Pluralismo izenburupean, bakearen eta giza eskubideen heziketan lan egiten duten elkarte eta erakundeen kontakizuna egingo du.

'Plaza Euskadi': Encuentro

Ostegun honetako 'Plaza Euskadi' saioak hiru biktima elkartuko ditu: Axun Lasa, Jose Antonio Lasa ETAko kidearen arreba (GAL, 1983-1995); Amaia Guridi, Santiago Oleaga (ETA, 2001) Diario Vasco-ko finantza zuzendariaren alarguna, eta Jorge Perez Jauregi, Roberto Perez Jauregiren anaia (Polizi Gehiegikeriak, 1970), Burgosko prozesuaren aurka Eibarren egindako manifestazio batean tiroz hildakoa.

Lehen aldiz elkartuko dira telebista kamera baten aurrean jatorriko ezberdineko indarkeriaren biktima izandakoak. Emozioz beteriko unea izango da, erabat zintzoa, euren mina eta dolua partekatuko dute, jatorriari erreparatu gabe.

Maite Esparzarekin mintzatuko dira heriotza gertatu zeneko egunaz eta ondorenaz, jasotako laguntzaz eta batik bat, bizi izan duten minaz eta sufrimenduaz. Ez dute barkamenik nahi, egindako mina onartzea baizik. Gertatutakoa ezin dela ahaztu eta memoriaren garrantzia azpimarratuko dute. Euskadin, bizikidetza demokratikoa gauzatzeko beharrezkoa da elkarri aurpegira begiratzea, batak besteari entzutea eta historia bakoitza justiziaren eta egiaren ikuspuntutik aztertzea.

Lehendabiziko erreportaje honetan elkarbizitzaren eta bakearen aldeko elkarte batzuetako kideekin mintzatuko dira: Unesco Etxea (Mónica Vázquez y Mónica Hernando), Gernika Gogoratuz (María Oianguren, Andreas Schafter y Anna León) eta Bakeola (Gorka Ruíz, Rocío Salazar e Irantzu Aurrekoetxea).

'Plaza Euskadi' K-2000 ekoiztetxeak egin du, Maite Ibañezen zuzendaritzapean.