22:15ean
Francoren ondareari buruz, gaur gauean, "360º" saioan
EITB
Eider Hurtado kazetariak gidatutako saioak Francoren ondare sozial, politiko eta ekonomikoa aztertuko du.
Eider Hurtado kazetariak gidatutako "360º" saioak Francoren ondareari buruz hausnartuko du gaur gauean. Bere heriotzatik 45 urte pasa badira ere, bere ondare sozial, politiko eta ekonomikoaren zati batek bizirik dirau.
Erreportaje berri horretan, saioak diktadoreak botere absolutuko 40 urteetan zehar batutako ondasunei buruz ikertuko du. Bere ondare ekonomikoak oraindik presente jarraitzen du IBEX-35ean, eta aberastasuna bere alaba eta zazpi biloben esku utzi zuen. Mariano Sanchez Soler eta Antonio Maestre kazetarien bidez Franco familiaren higiezinen eta sozietateen sarean murgilduko gara. Horrez gain, argituko dugu, gutxienez, zortzi fundazio frankista daudela, baita Espainiako Gobernua prestatzen ari den lege berriak elkarte horiek legez kanpo uztea ekarriko lukeela ere. Horri buruz Juan Chicharrorekin hitz egingo dugu, Francisco Franco fundazioaren presidentearekin.
Memoria Demokratikoaren Estatuko idazkari Fernando Martinezek memoriaren lege berriari buruzko gakoak emango dizkigu, Eusko Jaurlaritza ere Euskadiko Memoria Historiko eta Demokratikoaren Legea prestatzen ari den honetan. Karmentxu Murua bezalako biktimei lagundu nahi dieten legeak dira horiek. Ramon Romerok bere amama Berta Peña fusilatuaren irudia aldarrikatuko du. Halaber, Sorkunde Urkiaga Lauaxetaren ilobaren eta Aitzol Azpiroz "Aitzol" apaizaren ilobaren testigantzak ere jasoko ditugu. Paco Etxeberria auzitegiko medikuak gidatuko gaitu ikerketa horretan.
Lege hori, oraindik nahikoa ez bada ere, Memoria Historikoaren Errekuperaziorako Elkartearentzat esperantzaren seinale da. Hala aitortu du Bonifacio Sanchezek, batasun politiko gabeziak haserretzen badu ere. Saioak, aldi berean, lege horrekin kritikoak direnen ikuspuntuak ere bilduko ditu, hala nola Alejo Vida-Quadras Vox alderdiaren sortzailearena, UCDko ministro ohi Rafael Arias-Salgadorena, Madrilgo Komunitateko presidente ohi Joaquin Leguinarena eta Roberto Centeno CAMPSAko kontseilari delegatu ohiarena.
Francoren ondareari buruzko erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.