Itxi

22:00etan

Fair Saturday jaialdia eta Alos Quarteten emanaldia, gaur gauean, "Oholtzan"en

EITB

Leer en Castellano

Gaua 2019ko Fair Saturday jaialdia gogora ekarriz hasiko da, eta 23:00etatik aurrera Alos Quartet laukoteak Loraldiaren baitan emandako kontzertua emango da.

Your browser doesn’t support HTML5 video

Larunbat honetako "Oholtzan" saioan bi emanaldi emango dira. Lehenengoa, 22:00ak aldera, iazko Fair Saturday jaialdia izango da, eta ondoren, 23:00etan Alos Quartet emanaldiaren estreinaldia izango da ikusgai.

Saioa 2019ko Fair Saturday jaialdiarekin hasiko da. Aurtengo edizioa larunbat honetan ospatuko dela eta, "Oholtzan"ek iazko jaialdia ekarri nahi izan du gogora. Fair Saturday jaialdia 2014an sortu zen Bilbon eta urtero azaroko azken larunbatean ospatzen da, artea eta kultura gizartearen erdigunean kokatzeko eguna.

Pasa den urtekoa Bilboko Miribilla aretoan ospatu zen, eta nazioarteko 1.000 artistatik gora aritu ziren bertan. Guztira 7.000 ikusle baino gehiago bildu ziren bertara, eta interpretatu ziren 24 kantuez gozatzeko aukera izan zuten. Parte hartu zuten etxeko artisten artean, Zea Mays, Bilboko Udal Musika Banda, Marta Ubieta sopranoa edota Mikel Atxalandabaso tenorea aipa ditzakegu.

Ondoren, Alos Quartet laukotearen kontzertuaren telebistako estreinaldia izango da ikusgai, bere sorreraren 20. urteurrena ospatze aldera. Ekitaldia aurtengo Loraldia jaialdiaren baitan eskaini zuten, Bilboko Azkuna Zentroan.

1999an ia kasualitatez batu ziren Xabier Zeberio, Lorena Nuñez, Francisco Herrero eta Ivan Carmona, Niko Etxarten dei bati esker. Handik gutxira oparotasun handikoa izango zen ibilbidea ekin zuten lauek batera. Ikasketa klasikotik abiatu baziren ere, sortzen duten musika haratago doa: sentsibilitatea, soiltasuna eta tradizioa iturri anitzetako inspirazioarekin uztartzen ditu.

Aurtengo Loraldiaren baitan emandako kontzertuan Amaia Elizaran dantzaria, Kimuak Dantza Konpainia, Oreka TX taldea, Gorka Hermosa, Natxo de Felipe, Bixente Martinez eta Anton Latxa aritu ziren. Koreografiak, ostera, Aukeran Dantza Konpainiako Edu Muruamendiarazek eta Amaia Elizaranek sortu zituzten.

Guztiek batera, honako abesti hauen interpretatu zituzten: Oinutsik, Daniela, Arin, Oi Pello Pello, Mode, Harridurak, Mari Kanaky, Hosto Dantza, Kalendula Siro, Eguzkilore, Uheretan We Are, Ezin Erran Nizun Hitzez, Fan and Go, Abuztua, A Ragtime eta Ezpatadantza.

"Oholtzan" saioa larunbatean izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.

 

Bideoak (1)

Informazio gehiago (1)