22:30ean
Wroclawra (Polonia) bidaiatuko du "Vascos por el Mundo" saioak gaur gauean
EITB
Lucas Goikoetxea kazetariak eta Santiago Roldan kamerariak hiria bertan bizi diren euskaldun batzuekin ezagutuko dute: Alberto, Victor, Julen eta Jon Mikel.
"Vascos por el Mundo" saioak Wroclaw bisitatuko du gaurko atalean. Lucas Goikoetxea kazetariak eta Santiago Roldan kamerariak Poloniara bidaiatuko dute, eta bertan bizi diren lau euskaldunen eskutik, Silesia Baxuko hiriburuaren istorio eta sekretuak ezagutuko dituzte.
Beste hiri poloniar batzuk ez bezala, Wroclaw alemaniarra izan zen Bigarren Mundu Gerra ostera arte, eta, horrenbestez, Hitlerren gotorlekua izan zen amaierara arte. Hiriburuaren hiru laurdenak gerran bertan suntsituak izan baziren ere, bertako 12 uharteek eta zutik jarraitzen duten 130 zubiek hiria berezi egiten dute.
2016an Donostiarekin batera Europako Kulturaren Hiriburua izateaz gain, 2018an Europako helmuga turistiko onena izendatu zuten, ezaguna bertako gnomoengatik egin bada ere. Ehunka daude ezkutatuta hiriko kaleetan eta plazetan zehar, eguneroko bizitzako eszenak irudikatzen.
Wroclaw, gainera, Erasmus programan parte hartzen duten gazteen helmuga gogokoenetako bat da, eta herrialdeko inguru oparo eta garatuenetako bat ere bai. Lau hamarkada erregimen komunistapean egon bada ere, bere ekonomiak hazkunde joera egonkorra du, eta langabetasun tasa oso baxua. Hori da, hain zuzen ere, Alberto, Victor, Julen eta Jon Mikel han bizitzera eraman dituen arrazoietako bat.
Bidaia hiriaren erdigunean hasiko dute: Rynek plaza, lore kioskoak, Sal plaza, Swidnicka kalea eta txoko guztietan ezkutatzen diren gnomoak ezagutzen.
Handik Oder ibai ertzera joango dira, eta 130 zubi igaro ostean, Katedralen uhartzea ezagutuko dute. Horrekin batera, Hitlerrek Bigarren Mundu Gerran hitzaldiak ematen zituen balkoia bisitatuko dute.
Amaitzeko, herrialdearen iragan gogorrera begira jarrita, Gross-Rosen kontzentrazio esparrua bisitatzeaz gain, Riese proiektu naziko lurrazpiko tunelak ezagutuko dituzte, Silesiako mendien azpian kokatuta.
"Vascos por el Mundo" saioa ostegunetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.