22:15ean
Burgosko Prozesuari buruzko erreportajea, gaur gauean, "360º" saioan
EITB
Prozesua egin eta 50 urte beranduago, oraindik ere informazio gehiago aurkitzen jarraitzen dugu. Horiek izango ditu hizpide, hain zuzen ere, Eider Hurtadok gidatutako saioak.
Eider Hurtadok gidatzen duen "360º" saioak 'El Proceso de Burgos, un juicio para la historia' erreportajea eskainiko du gaur.
50 urte bete dira Burgosko Prozesua egin zenetik. Mundu guztian zehar oihartzuna izan zuen epaiketa hori inflexio-puntua izan zen frankismoaren amaieran. 16 euskal gazte auzipetu zituzten Meliton Manzanas Donostiako Brigada Politiko Sozialeko buruaren hilketagatik. 50 urte geroago, eta sumarioa desklasifikatzeko zorian dagoela, informazio gehiago aurkitzen jarraitzen dugu.
Antton Karrera, Enrique Gesalaga eta Itziar Aizpurua auzipetuen kontakizunaren bidez, Burgosko espetxe barruan prozesua nola bizi izan zuten, epaiketa nola prestatu zuten eta heriotza-zigorrak nola jaso zituzten ezagutuko da. Eider Hurtadok gidatutako saioak epaiketaren barruan grabatutako zintak ikusteko aukera izan du. Zinta horietan ikusten da unerik gogor eta hunkigarrienean akusatuetako batek, Mario Oinandiak, izan zuen parte-hartzea.
16 izan ziren akusatuak defendatu zituzten abokatuak, tartean Miguel Castells (Mario Onaindiaren abokatua) eta Paco Letamendia (Itziar Aizpuruaren abokatua). Biek azalduko dute nola prestatu zen defentsa eta zein neurritaraino izan ziren auzipetuak berak haustura-epaiketa baterako jarraitu beharreko estrategia ezarri zutenak.
Iñaki Egaña historialariak argitzeke dagoen misterio handi bati buruz orain arte ezezaguna izan den dokumentazioa erakutsiko du: Meliton Manzanasen heriotzaren atzean zer ezkutatzen den.
Elizak ere paper garrantzitsua izan zuen epaiketa horretan, auzipetuen artean bi apaiz baitzeuden: Julen Calzada eta Jon Etxabe. Vatikanoak izan zuen papera aztertuko dute Juan Mari Arregi parrokoarekin.
Herri-mobilizazioek eta nazioarteko presioak sei auzipeturi ezarritako heriotza-zigorrak ez gauzatzea lortu zuten, eta horren ordez espetxe-zigorrak bete behar izan zituzten. Juan Manuel Idoiaga kazetariaren eskutik, nazioarteko sare hori nola sortu zen jakingo du saioak.
"360º" saioko 'El Proceso de Burgos, un juicio para la historia' erreportajea gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.