ETB-1en eta eitb.com-en
Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer, 'Hitzetik Hortzera'n
J.A.
EITB
Denboraldi berriari ekingo dio Jon Artanok gidatutako bertsolaritza saioak. Igandetan izango da ikusgai telebistan eta bezperatik Interneten.
'Hitzetik Hortzera'. Argazkia: EITB
Igandearekin hasiko du denboraldia 'Hitzetik Hortzera'k, ordutegi berrian: 22:30ean. Ainhoa Aranburu eta Marc Febrer hartuko ditu Jon Artanok estreinako alean Bertsoaroa eta G PUNTUko saioak elkarrekin ikusteko.
Duela lau urte jarri zuen martxan Aranburuk euskaldun berrientzako bertso-eskola Iruñeko Hizkuntza Eskolan. Urtez urte sendotu egin da egitasmoa, eta aurten bizkorren ibili direnek baino ez dute lortu lekua haren eskoletan. Zorioneko ikasle horietako bat da Marc Febrer. Febrer sortzez Menorcakoa da eta Bartzelonan hasi zen euskara ikasten. Ainhoarekin ikasitakoari esker bertsotan ere egiten du, eta Maialen Lujanbiorekin egindako bertsoaldi baten bideoa ekarriko du programara froga gisara.
Bertsoaroa eta G PUNTUA
Bertsoaroa zikloaren barruan Iruñean egindako saio bateko on-aurkiak ikusi eta komentatuko dituzte platoan. Andoni Egaña gai-jartzaile zutela aritu ziren Sebastian Lizaso, Igor Elortza, Xabier Silveira, Uxue Alberdi, Julen Zelaieta eta Igor Elortza. Gainera, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenen laburpena ere emango dute; Oñati, Villabona, Hondarribi eta Idiazabalgo saioen errepasoa eginez.
Lazkao Txiki eta Plin
Zuri-beltzekoen atalean Xalbador, txistulariei kantari, 1968an Donostian botatako bi bertso. Horretaz gain, dokumentu baliotsu bat ere erakutsiko du 'Hitzetik Hortzera'k aurreneko aldiz. Bertsolari pelikularen dokumentazio lanetan ari zela, Asier Altunak Lazkao-Mendiko Abaliñe baserrian Lazkao-Txikik filmatutako Super8 film argitaragabeak deskubritu zituen tiradera batean. Familiak jakin bazekien Lazkao-Txikik 'tomabistas'a zuela eta harekin filmaketak egin ohi zituela, baina ez zekiten bobina haiek zer gordetzen zuten. 'Hitzetik Hortzera'n ikusi ahal izango dira Joxe Migel Iztuetak hartutako irudi horiek lehenbizikoz. Lazkao Txikik bere burua ere filmatu zuen, mendian Plin bere setter pintto elegantearekin.
23 urte aurrenekotik
1988an bistaratu zen aurrenekoz 'Hitzetik Hortzera', euskarazko telebistagintzan ibilbide luzeena duen saioa da. Jon Artano Izeta da zuzendaria, Pello Elizasu errealizadorea eta erredakzioan, berriz, Felix Irazustabarrena eta Itziar eta Ihintza Irizar arituko dira. Saioz saio Haritz Arrizabalaga eta Luix Gurrutxaga kameralariak ibiliko dira. Lan-taldea buru-belarri ari da datozen asteetan erakutsiko dituzten atal berriak prestatzen.
Igandean, 22:30etan, ETB-1en. Eta bezperatik ikusgai eitb.com-en.