Itxi

Estreinaldia 22:35ean

'Apaizac Obeto' espedizioa, azken bale txaluparen kondaira

A.H.

EITB

ETB-1ek ostegunean estreinatuko du Jon Maiak zuzendutako dokumentala.

'Apaizac obeto'. Foto: EITB

Ostegun honetan, ETB-1ek Jon Maiak zuzendutako Apaizac Obeto dokumentala estreinatuko du. Saioak abentura eta historia elkar nahasten ditu, XVI.mendean euskaldunek balearen eta bakailoaren arrantza egitera Kanadako Ipar Atlantikora joaten zireneko espedizioak gogoratuz. Arrantzaren ekintza soila gainditzen zuen itsas epopeia harraigarri honen esperientzia berbiziko du dokumentalak, euskal arrantzaleen historia zati hau berreskuratuz.

Quebec edo Kanada izenen aurretik, lur haiei Nouvell Biscay (Bizkaia Berria) esaten zitzaien eta garai hartan, urtero-urtero, milaka euskaldun Ozeano Atlantikoa gurutzatu eta Mundu Berriaren iparraldeko ur arrotz eta urrunetara lanera abiatzen ziren.

Dokumentalaren protagonista Beothuk izango da, San Joan galeoiarekin batera hondoratuta, Kanadako itsas arkeologoek Labradorreko ur hotzetan aurkitutako munduko balea txalupa zaharrenaren errepika berria. Pasaian eraikitako azken euskal balea txalupa honek par ameriketako historia ofizialetik kanpo dagoen euskal arrantzale haien mende beteko arrasto garrantzitsuena da.

Pasaiako Albaola itsas kultur erakundeak Apaizac Obeto espedizio berritzailearen bidez, ahalegin berezia egin zuen itsasoaren historiako pasarterik harrigarrienetako bat ezagutzera emateko. Quebec-etik Labradorreraino, 2000 kilometro eta 41 egunetan, sei euskaldunek eta Kanadako mik' maq amerindiar batek, XVI. mendeko marinel haien azalean jartzeko ahalegina egin zuten.

Nabigazio arkeologiko honen bidez, lanbro artetik argitara aterako da astuta ziruditen hainbat gauza: balearen lehenengo industria, euskararen eragina, ipar ameriketako natiboekin harremanak edota marinelen eguneroko bizitza.

Apaizac Obeto ostegun honetan emitituko da 22:35etik aurrera ETB-1en.