Itxi

Igandeko kirolak

Barriola-Olaizola II, lau t'erdiko finalerdia, zuzenean, ETB-1en

A.H.

EITB

Goizean, Gran Canaria eta BBBren arteko saskibaloi partida eskainiko da.

Pilota. Argazkia: EITB

Igande honetan hainbat emanaldik osatuko dute Euskal Telebistako kirol eskaintza. Goizeko 12:30ean Las Palmasetik zuzenean eskainiko da Gran Canaria eta BBB taldeek jokatuko duten saskibaloi norgehiagoka, Endesa Ligako zazpigarren jardunaldian. Xabier de la Fuentek eta Josean Aldalurrek emango dute partidaren berri ETB-1en.

Arratsaldean, 16:00etan, herri kirolei eskainitako asteroko tartean, Leaburun goizean Ugartebururi omenaldi eginez jokatutako aizkolari probak eskainiko dira, Koldo Aldalur eta Jose Etxebesteren eskutik.

Arratsaldeko 17:00etan, 'ETB Kantxa' saioak zuzenean bat egingo du Bilbon jokatuko den pilota jardunaldiarekin. Hasteko, Retegi Bi-Zabaleta eta Idoate-Pascual bikoteak izango dira nor baino nor eta ondoren, Abel Barriolak eta Aimar Olaizolak lau t'erdiko txapelketako finalaurreko partida jokatuko dute, ikusmin handiko partida ezbairik gabe, finaleko txartela izango baita jokoan. Hirugarren hitzordu bat ere izango da, bigarrren mailako lau t'erdiko neurketa, Ongay eta Lemunoren artean. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia komentaristek egingo dute jaialdiaren kontakizuna.

Atletismoa eta errugbia ETBK Sat-en

ETBK Sat kateak goizean ospatutako Atapuerkako Krossaren emanaldia eskainiko du 13:30etik aurrera Juanan Legorbururen kontakizunarekin.

15:30ean, Ohorezko Mailako errugby partida eskainiko da, larunbatean Gernikan jokatutako Bizkaia Gernika eta Getxo Artea taldeen arteko derbia. Jon Ander Gorospe eta Jon Azkargorta izango dira berriemaile.