Itxi

22:30etik aurrera

Azpeitiko kanporaketa eta Sarako afaria, igandeko 'Hitzetik Hortzera'n

J.A.

EITB

Ainara Lasa hartuko du platoan Jon Artanok.

'Hitzetik Hortzera', Ainara Lasa. Argazkia: EITB

Ainara Lasa oiartzuarra izango da asteon platoko gonbidatua 'Hitzetik Hortzera'n. Lasa G PUNTUko antolatzaile taldean dabil eta 'Hariketak, lotzea askatzea denean' erakusketa jarrita dauka Hondarribiko Modotti tailerrean. Azpeitiko kanporaketan bizitakoaz, bertsolari-bertsozale hartu-emanaz eta arte-sorkuntzaz, orohar, arituko da Ainara Lasa.

Euri-jasa eta uso-pasa

Joan den aste-hondarreko uholdeek lanak eman zizkien zaleei Azpeitiraino iristeko; hala ere bete egin zen Izarraizpe frontoia. Jokin Urangak bildu zuen puntu gehien G PUNTUko azken kanporaketan. Urangarekin batera Iker Zubeldia, Iñaki Apalategi, Arkaitz Oiratzabal Xamoa, Unai Muñoa eta Ane Labaka aritu ziren oholtzan; guztietatik zerbait erakutsiko dute programan. Gainera, Sarako bertso-afariko ale hautatuak ere ekarriko dituzte. Mattin Oronozek agindutako jolasetan fin aritu ziren Maialen Lujanbio, Eneritz Zabaleta, Alaia Martin eta Amets Arzallus. Olhoin ikastolako gurasoek eta gaztetxeko kideek elkarlanean antolatutako saioa izan zen. Afaltzeko prestatutako uso-jana eta afalosteko bertso-saioa, biak atera ziren primerakoak.

Zuri-beltzeko AUSPOA eta 91ko Gipuzkoako finala

Zuri-beltzeko AUSPOA atala ere estreinatuko dute. Hamabostero emango duten atal horretan kolaboratzaile batek AUSPOA bildumako liburu baten komentarioa egin eta pasarte bat irakurriko du. Lehendabizikoa Estitxu Fernandez kazetari lesakarra, eta berak aukeratutako liburua: Paulo Yanci eta bere lagunen bertsoak. Zapping-ean Anjel Mari Peñagarikanok Gipuzkoako txapela irabazi zuen finala errepasatuko dute. Besteak beste, Peñaren garaipenagatik eta Jon Sarasuak kartzelakoan egindakoagatik oroitzen dute bertsozale askok final hura.

'Hitzetik Hortzera' igande honetan emitituko dute 22:30ean ETB-1en eta lehenengotik ikusgai izango da eitb nahieran.