Audientziak
ETBk % 12,6ko audientziarekin itxi du 2020. urtea, iaz baino 1,4 puntu gehiago
EITB MEDIA
295.000 lagunek jarraitu zuten Durangotik eskainitako kanpaien emanaldia.
ETBk 2020 urtea % 12,6 audientziarekin itxi du. Iazkoarekin alderatuta 1,4 puntu egin du gora. Besteak beste, ETB2k % 10,0eko audientzia eskuratu du eta ETB1ek % 1,6. Bestalde, ETBko albistegiek, zortzigarren urtez jarraian, lidergoari eutsi diote 2020an. Orotara, ia % 25eko audientzia-zatira iritsi dira: % 22,0ko audientzia izan du "Teleberrik" eta % 2,3 "Gaur Egun"ek.
Aurtengo saio arrakastatsu batzuk aipatzekotan, besteak beste, "El Conquistador" saioaren 16. edizioak batez beste, izandako % 22,7ko audientzia-zatia nabarmendu daiteke. Baita "El Conquis" debatea eta egunero ikusgai dauden "Atrápame si puedes" lehiaketa eta Xabier Lapitzek zuzendutako "En Jake" saioa ere. Berebat, harrera ona izan dute aurten, "El Club del Tupper", "Juego de Cartas", "Vamos a Hacer Historia", "Una Historia de Vasconia" eta "Vascos Por el Mundo" saioek eta zineak ETB2n. ETB1en, berriz, pilota eta arraun emanaldiekin batera, emanaldi bereziek, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak eta estreinatutako fikzioek oihartzuna lortu dute audientziei dagokienez.
295.000 lagunek jarraitu zuten kanpaien emanaldia
Bestalde, Durangotik eskaini zituen zuzenean EITBk urte amaierako kanpaiak. ETB1 eta ETB2 kateetan aldi berean eskaini zen "Kaixo 2021" saioa eta % 15,0ko audientzia zatia eta euskaldunen artean % 28,6ko kuota bereganatu zuen emanaldiak. Mikel Pagadik, Zuhaitz Gurrutxagak eta Sara Gandarak aurkeztutako saioak 295.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuten Euskadin eta eragin eremuan.
Orobat, kanpaien aurretik eta ondoren eskaini ziren saio bereziek ere datu onak lortu zituzten. ETB1en kanpaien aurretik ikusgai izan zen "Herri Txiki, Biba Durango!" saio bereziak euskaldunen artean % 5,6ko audientzia-zatia bereganatu zuen. Horrez gain, "Kaixo 2021" saioaren ondoren, "Go!azen" telesaileko aktoreek eta musika alorreko pertsonaia ezagunek "Go! 2021" gala berezia eskaini zuten. Saioak % 5,7ko audientzia-zatia eta euskaldunen arteko % 13,3ko kuota bereganatu zituen, eta 197.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan.
Era berean, ETB2n, kanpaien aurretik eskainitako "¡Vaya Nochevieja!" saioa bere ordu-tartean nagusi izan zen % 16,2ko kuotarekin. Ondoren eskaini zen "Una Canción para Nochevieja" saioak, berriz, 316.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen. Horrez gain, urte berria hasteko Mexikoko doinuak protagonista izan zituen "Ongi Etorri 2021!" saioa 373.000 ikus-entzulek jarraitu zuten emisioko uneren batean ETB2 katean.
Urtarrilaren 1eko saioak
Halaber, urtarrilaren 1ean, ETB1en, gauean eskainitako "Harria Pozalaguan" ikuskizunak % 4,9ko audientzia izan zuen eta 86.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Kirolari dagokionez, ostiralean jokatutako Eskuz Binakako Txapelketako partidak (Jaka – Martija vs Altuna III - Mariezkurrena II) % 9,9ko audientzia eskuratu zuen eta euskaldun artean audientzia buru izan zen % 16,3ko kuotarekin.
Egun berean, ETB2n "La Noche De..." saioak Mision Imposible:Fallout filma eskaini zuen. Bai filma bera zein aurretik eskainitako aurkezpena bere ordu tartean nagusi izatera iritsi ziren. Aurkezpenak, esaterako, % 13,4ko audientzia-zatia bereganatu zuen eta 221.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan. Filmak aldiz, % 13,8ko audientzia-zatia lortu zuen eta 323.000 ikus-entzulek ikusi zuten pelikula emisioko uneren batean.