Itxi

Larunbat honetan

Antton Ezeiza zinegileari eskainitako 'EITB Kultura' berezia

A.E.

EITB

Aste honetan zendu den Ke arteko egunak filmaren egilea oroitu nahi du ETBk.

Antton Ezeiza. Argazkia: EITB

Larunbat honetan, gaueko 22:15ean, 'EITB Kultura' saio berezia eskainiko diote Antton Ezeiza zinegileari. Aste honetan hil den Ezeiza 1935. urtean Donostian jaio zen. Zuzenbide ikasketak burutu ostean, zinearekin lotu zuen bere bizitza betirako donostiarrak. XX mendeko 60. hamarkadan egin zituen lehen filmak, Elias Querejetarekin, eta Canneseko jaialdian erakutsi zituen bere lanak. Buñuel eta Bardemekin laguntzaile aritu ostean, erbestera jo behar izan zuen.

Mexikon eta Kuban egon zen, han filmak egin eta diktadorearen heriotzaren ostean Euskal Herrira itzuli zen. Ikuska sailaren eragilea izateaz gain, Euskal Zinema Nazionalaren oinarriak jarri zituen eta, adituen esanetan, ezinbestekoa izan da euskal zinemaren bilakaera ulertzeko.

Antton Ezeiza eta bere lan ibilbidea oso ondo ezagutzen dituzten bi lagun gonbidatu ditu 'EITB Kultura'k. Batetik, Pello Aldazabal, aitzindari, Euskal Filmotekaren sortzaile eta Donostiako Zinemaldiaren ordezkari, Zinemaldiaren garai zailetan. Bestetik, Maialen Beloki, Antton Ezeizaren bizitza eta zineaz tesia egin zuen emakumea ere izango da saioan. Espainiako zinean aditua da Beloki eta sail horretan egiten du lan Donostiako Zinemaldian.