Itxi

22:30ean

'La corresponsal' filmaren estreinaldia, gaur gauean, "La Noche De..." saioan

EITB Media

Leer en Castellano

Marie Colvinen bizipenetan oinarrituta dago lana. Aurretik, Paul Newmanen bizitzari errepasoa egingo diote eta zinemaren historiako abestirik txarrena ere izango dute hizpide.

"La corresponsal" pelikularen fotograma, EITB Mediaren bideo batetik aterata

Gaur gauean, La corresponsal (A Private War, 2018) filma estreinatuko du telebistan "La Noche De..." saioak. Matthew Heinemanek zuzenduta, benetako gertaeretan dago oinarrituta, eta, zehazki, Marie Colvin gerra erreportariaren bizipenak ditu hizpide. New Yorkeko kazetari entzutetsua zen Colvin, bereziki hedabide britainiarretan egindako lanagatik. Sri Lankako gerran begi bat galdu zuen, eta munduko hainbat gatazkaren berri eman zuen: Sierra Leona, Kosovo, Txetxenia... Rosamund Pike aktorea dugu Colvinen paperean, eta, besteak beste, Stanley Tucci, Tom Hollander, Greg Wise eta Jamie Dornan antzezleak ere ikusiko ditugu pelikulan.

Filmaren aurretik, Paul Newman aktorearen bizitzari errepasoa egingo dio Felix Linaresek Los archivos secretos de La Noche De... atalean. Hain zuzen ere, astearte honetan urtebetetzea ospatuko luke Newmanek.

Quién es esa chica atalean ere, aste honetan urteak beteko dituen beste aktore bat izango dute hizpide; kasu honetan, Madrilgo emakumezko aktore gazte bat. Egun, Espainian Instagramen jarraitzaile gehien dituen emakumea da, eta sare sozial horretan mundu mailan bideorik ikusienaren marka ere badu.

Azkenik, barrea eragiteko asmoa ere izango du aste honetako saioak, zinemaren historiak utzi dizkigun pasarte txarrenetako bi aztertuta. Hala, Peor imposible atalean, izar handi bat ikusi ahal izango dugu "historiako abestirik txarrena" abesten; eta "historiako haurtxo faltsurik txarrena" ere erakutsiko digute, Oscar sarietarako hiru izendapen dituen aktore baten eskuetan. 

"La Noche De... La corresponsal" gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)