22:30ean
Manuk platoko galdeketari erantzun beharko dio, gaur gauean, "El Conquis" saioan
EITB Media
Lehiaketa uztea erabaki ostean, debatera iritsiko da erabakiaren arrazoiak azaltzeko. Talde gorriak, bestalde, bi lagun izendatu beharko ditu, eta horren aurrerapen bat ikusteko aukera ere egongo da.
Gaur gauean, Manu Maritxalar izango da "El Conquis" debatearen protagonista nagusia. Lehiaketa uztea erabaki ostean, platoan izango da azalpenak emateko prest.
"El Conquistador" saioaren historian, lehian denbora gutxien eman duen kapitaina da Manu Maritxalar. Min handia zuela-eta, abentura uztea erabaki zuen, Kariben egun bat eta erdi soilik egin ostean. Erabakiaren inguruko azalpenak emateko prest iritsiko da Manu "El Conquis" saioko platora, baina konkistologoen galderei ere erantzun beharko die. Ez du ematen lan erraza izango duenik.
Bitartean, Los Haitisesen, Yocahu taldeko kideek kapitainik gabe egin behar izan zioten aurre immunitate-jokoari. Galdu egin zuten, eta, ondorioz, kanpamentu oso txiroan daude berriro. Urak hartutako kanpamentuan gaua nola pasatu zuten erakutsiko digute asteazken honetako saioan, aurretik ikusi ez ditugun irudiekin.
Talde berdeak, berriz, aurrez aurre ikusi du errealitatea. Bi astean garaipena lortu eta kanpamentu aberatsean egon ostean, txiroan daude orain. Beharbada, bertako egoerak lehen tirabirak eragin ditzake nesken taldean. Izan ere, taldekide batek esan omen du "lehertzear" dagoela. Saioan bertan eskainiko dituzte irudi horiek.
Bitartean, urdinak kanpamentu aberatsaz eta lehen janari beroaz disfrutatzen ari dira. Hala ere, urduritasun giroa nabaria da Herrantxirekin; horren adierazpenak ikusiko ditugu, esklusiban, Olatzekin izandako arazoa hizpide.
Talde gorrian gertatutakoaren aurrerapen bat ere izango da ikusgai asteazkeneko saioan. Izan ere, bi izendatu aukeratu beharko dituzte. Nola erabakiko dute bigarren horren izena?
Aste honetan ere, Karibera joango da bidaian debatea, orain arte ikusi ez diren irudien bidez, eta ez da faltako konkistologo zorrotzen taldea: David, Eneko, Raul Arribas (bigarren edizioko irabazlea), Ion (joan den urteko lehiakidea), Mikel, Eider, Isa eta Leire Juanes erreportaria.
Conquis-eko jarraitzaileek ere parte hartu ahal izango dute, Twitter eta Instagram bitartez, eta euren iritzia eman Manuren erabakiaz, talde gorriaren egoeraz edo urdinen garaipenaz, besteak beste. Oizeder Mayok eta Isma Pereirak emango digute jarraitzaileen iritzien berri, Gaztea Connection setean.
"El Conquis" debatea, asteazkenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.