22:15ean
"El Estado contra Pablo Ibar" dokumental sortaren azken atala, gaur gauean, ETB2n
EITB Media
Behin betiko zigorraren jakinarazpena izango da atal honetako gai nagusia.
Gaur, otsailak 7, ETB2k "El Estado contra Pablo Ibar" dokumental sailaren seigarren eta azken atala eskainiko du. Olmo Figueredok zuzendu eta La Claqueta PC, La Cruda Realidad eta Irusoinek ekoitzitako minisailak sei kapitulu ditu, eta horietan Pablo Ibarren kasua eta azken epaiketa aztertzen dira. Krimena, epaiketa, apelazioa, lekukoen testigantzak, epaia eta behin betiko zigorra dira atal bakoitzean sakontzen diren gaiak.
Seigarren atalean, behin betiko epaia jakinaraziko da. Damututako epaimahaikidea kanporatu egin dute eta prozesuak zigor fasearekin jarraituko du aurrera. Pablo Ibarrek heriotza-zigorrari aurre egin beharko dio beste behin ere. Baina oraingoan epaimahaikideek beste emaitza bat jakinaraziko diote: bizitza. Dennis Bailey epaileak biziarteko kartzela-zigorra ezarriko dio ondorioz.
"Pablo Ibar" kasua
1994ko uztailean atxilotu zuen Poliziak Pablo Ibar, Miamin gertatutako hilketa hirukoitz bat egotzita: Miramarko krimena, gaizkileek erakutsitako ankerkeria eta odol hotzagatik gizarte osoa hunkitu zuena. Hiltzaileek ezagutzen ez zuten segurtasun kamera batek bideoan grabatu zuen erailketa guztia. Gaizkileetako batek aurpegia agerian duela erakusten dute irudiek. Poliziak Pablo Ibar identifikatuko du orduan, baina errugabea dela dio berak.
2000. urtean, ofiziozko abokatu bat zuela, Pablori heriotza-zigorra ezarri zioten Seth Peñalverrekin batera. Frogatutzat jo zuten bera dela bideoan agertzen den bigarren hiltzailea. Heriotzaren korridorean sartu zituzten biak, nahiz eta biek errugabeak direla esaten jarraitu zuten. Pabloren familiak dirua biltzeko kanpaina bati ekin zion, kasua berrikusteko prozesua oso garestia baita. Tanya emaztea eta aita, Candido Ibar, buru-belarri murgildu ziren horretan. Abokatu garestienak kontratatu zituzten eta auzitegira jo zuten beste behin ere. 2013an, Seth Peñalver krimenaz libratu, eta aske utzi zuten. Epaileak, ordea, ukatu egin zuen Pabloren helegitea, eta kartzelan utzi zuen. Pablok, baina, errugabea dela esaten jarraitu zuen.
2015eko apirilean, Benjamin Waxman abokatu berriak apelazioa aurkeztu zuen Floridako Auzitegi Gorenean. Horren esanetan, bideoko hiltzailea ez da Pablo Ibar eta errugabe bat hilko dutela frogatzen duten ebidentziak ditu.