Emakumeenganako Indarkeria
Emakumeenganako indarkeriari buruzko erreportaje sorta, ETBn
A.E.
EITB
Aste guztian, ETBko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri albistegiak genero indarkeriaren hainbat alde jorratzen dituzten erreportajeak eskaintzen ari dira.
Datorren ostiralean, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Eguna izango da. Horren ildotik, aste guztian 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan emakumeenganako indarkeriaren hainbat alde jorratzen dituzten erreportajeak eskaintzen ari dira.
Berri emateaz gainera, erreportaje hauen helburua indarkeria antzematea, aurrikustea, babestea, sentsibilizatzea eta errehabilitatzea da.
Bideo bakoitzaren aurretik gaiaren inguruko kale inkesta egingo da. Bideoan, ondoren, gaia, aditu eta protagonistekin lantzen dute.
Muinean dagoen arazoa azaleratzea da lan honen helburua, gizon eta emakumeen arteko desberdintasunarena alegia; arazo sozial eta publikoa dela azpimarratzea, eta ez gertakizun bakan edo etxeko arazo soila.
Erreportaje hauetan, besteak beste, genero indarkeria nola antzematen den aztertuko dute. Neurri handi batean, indarkeria medikuarenean antzematen da.
Halaber, tratu txarrak salatzeko emakume batek jarraitu behar dituen urrats guztiak grabatuko dituzte. Horrez gain, salaketa jarri ondoren ezartzen den babes eta zaintze neurriei ere erreparatuko diete.
Lekuko zuzen eta kasu zehatzei ere ahotsa eman nahi izan diete. Adibide eta kasu partikularrak erakusteak indarkeriatik atera daitekeela agerian jartzen du.
Tratu txarra ematen duen pertsonaz ere arituko dira. Profila, jaiotzez horrelakoa den ala gero bilakatzen den tratu txar emaile; bere jokaera... Errehabilitazio posibleaz ere arituko dira. Terapia eta errehabilitazio kurtsoak ematen dira. Bertara, erasotzaileez gainera, horrelako portaera izan dezaketela uste duten gizonak ere joan ohi dira.
Azkenik, prebentzioa eta indarkeria aurrikustea ere garrantzitsua da. ETBko albistegietako lan-taldea eskolan sartu da, Emakundek abian jarritako Nahiko programarekin nola jarduten duten erakusteko. Ekimen horren asmoa gazteek indarkeriaren lehen zantzuak antzematen laguntzea da.