Kultur agenda
'EITB Kultura' Durangoko Azokaren 46. edizioan murgilduko da
A.H.
EITB
Batez ere, Euskadiko panorama musikala aztertuko du saioak aste honetan, disketxe garrantzitsuenen laguntzarekin.
Durangoko Liburu eta Disko Azokaren 46. edizioa laster izango da eta Euskal Telebistaren kultura leihoak haren berri emango du. 'EITB Kultura'k urte honetako nobedadeak ezagutuko ditu, argitalpen berri eta interesgarrienen berri eman eta egungo euskal musikaren egoera ere aztertuz. Horretarako, Euskadin mugitzen diren disketxe garrantzitsuenekin bilduko da: Gor diskak, Gaztelupeko Hotsak, Elkar, Bide Huts eta Baga-Biga. Haiekin Durangoko Azokaren etorkizunaz ere hitz egingo du saioak.
Liburu eta disko azokak saioren zatirik handiena hartuko du, baina Euskal Herriko kultura jardunaren aktualitatea ere errepasatuko dute ohi denez. Artea, moda eta musikan alorretan zehar osatuko dute aste honetako ibilbidea.
Horrela, artearen leihoa irekiko da Getxoarte erakusketaren bidez. Bertan, 51 artisten lana ikusgai dago 51 gune ezberdinetan. Saioak bertan egongo diren artista batzuren lana ezagutuko du, besteak beste, Miriam Prado, Jone Ibarretxe eta Maialen Arocenarenak.
Horrez gain, 'EITB Kultura'k Maitane Galarragaren kolekzio berria ezagutuko du. Jontxo Entziondo argazkilariaren Bilboko argazkietan inspiratutako diseinuek osatzen dute Prisma kolekzioa. Lana amaitzear dute eta Art&Fashion Nazioarteko Moda Jaialdian aurkeztuko dute.
Saioaren Off the Record atalak, bere aldetik, Asko Etxeberria hartuko du protagonista, La Pulga izenarekin ezaguna den artista. Gasteizko dantzariak bere arte flamenkoa erakutsiko du 'EITB Kultura'n, baita bere ibilbidea eta bere flamenkoaren gaineko pasioa ere.
Erakusketei zuzendutako atalari dagokionez, Jose Luis Zumeta eta Carmelo Ortiz de Elgea elkarren aurrean ikusiko dira 'Luz Adentro' erakusketan. Bien lanak nahastu egiten dira proposamen ezberdinetan, energia, askatasuna eta halabeharra oinarri hartuta. Bi artisten ezaugarriak ezagutuko dituzte. Luz Adentro Artiumean dago ikusgai.
Amaitzeko, 'Bosteko' arte garaikidearen erakusketaren berri emango du saioak. Hiru artista nabarmen aurkeztuko ditu aurtengo edizioan: Elssie Ansareo, Eduardo Sourrouille eta Mabi Revuelta.
'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:05etik aurrera ETB-1en, asteartean 00:35ean ETB-2n eta ostiralean 22:30etik aurrera ETB-3n.