Asteazken honetan
Saskibaloia, judoa, piraguismoa eta atletismoa, 'BAT To London 2012'n
A.E.
EITB
Ekaitz Saies piraguista eta Kiyoshi Uematsu judoka azken prestaketetan murgilduta daude Londres 2012rako sailkapena lortzeko asmotan.
Euskal kirolari olinpiarrak eta paralinpiarrak izango dira beste behin 'BAT to London 2012' saioko protagonista nagusiak. Bosgarren atala asteazken honetan izango da ikusgai ETBK Sat-en 23:00etatik aurrera eta datorren igandean 11:30ak inguruan ETB-2n.
Nazioarteko kirol hitzordurik garrantzitsuena gertu daukate gure kirolariek eta horietako batzuk sailkapena lortu badute ere, asko dira oraindik hurrengo hilabeteetan lehia gogorra izango dutenak helburua lortzeko. Horien artean dago Ekaitz Saies piraguista donostiarra; K-1 200 metroko proban onenekin lehiatzea du xedea. 2010eko azken asteetan izandako lesio larri baten ondorioz hilabete latzak pasa ditu Ekaitzek eta goi mailako lehiaketa uzteko zorian egon zen, baina errekuperazio lan ikaragarriak denboraldi bikaina burutzera eraman du. Gaur egun aukera asko ditu Londresen egoteko. Bere eguneko jardunaren berri emango du saioak, errekuperazioa nolakoa izan den erakutsiz eta hurrengo hilabeteetako erronkak zeintzuk diren plazaratuz, Ekaitzen hitzetan.
Uematsu familiaren istorio bitxiak ere izango du bere tartea 'BAT to London 2012' saioan. Aita japoniarra izaki, zenbait hamarkadaz Portugaleten bizi izandakoa da familia eta horietako bi kidek, Kiyoshi eta Kenji, jokoetako zenbait ediziotan hartu dute parte judoan. Gazteena den Kiyoshi murgilduta dago azken hilabeteetan Londres 2012ra eraman dezakeen prestakuntzan. Bere kirol ibilbideari amaiera borobila emateko aukera begi bistan dauka bizkaitarrak, alegia, dominaren bat lortuz. Kenji anaiak, Tatsumi aitak eta gimnasioko taldekideek hitz egingo dute Kiyoshik hurrengo udan izan ditzazken aukeren inguruan.
Bi aldiz Olinpiar Jokoetan (Atenas 04 eta Beijing 08) parte hartu duen Naroa Agirre pertika jauzilari gipuzkoarrak ekarriko ditu gogora bere sentsazioak momentu garrantzitsu horren atarian. Kirolariak ez du baztertzen beste aukera bat izatea Londresen, azken urteetan izan duen lesioa erabat baztertuta duenean, horretarako lehia gogorra izango du aurrerantzean bere arerioekin.
Jokoen historian atzera egin eta Bartzelona 92an Estatu Batuetako saskibaloi selekzioak, Dream Team-ak, egindako lana aztertuko dute besteak beste Juanma Lopez Iturriagak, Los Angeles 84an domina olinpiarra lortutakoak; egungo Real Madrileko entrenatzailea den Pablo Lasok eta Gipuzkoa Basket taldeko Andy Panko estatubatuarrak. Izarrez jositako talde horren garrantzia eta arerioekiko erakutsitako nagusitasuna aztertuko dute hiru adituek.
Bukatzeko, ohi denez, Londresera abiatu da saioko lan-taldea jokoetarako bolondresen hautaketa prozesua gertu-gertutik ezagutu nahian. Antolakuntzak ia 250.000 jaso ditu azken hilabeteetan eta 70.000 pertsona baino ez dira izango aukeratuak.