Durangoko Azoka
EITBk jarraipen zabala egingo dio Durangoko Azokari
A.H.
EITB
Larunbat gauean eskainiko den 'Sautrela' saio bereziarekin hasiko du ETBk Durangoko Azokaren gaineko programazioa.
EITBk jarraipen berezia egingo dio abenduaren 4tik 8ra ospatuko den Durangoko Azokaren 46. edizioari. Horretarako, webgune berezia sortu du eitb.com-ek eta Durangoko azoka honetan gertatuko den guztiaren berri emango du hurbil-hurbiletik. eitb.com atariak ez ezik, Euskal Telebistak ere jarraipen berezia egingo dio azokari eta programazio berezia eskainiko du ETB-1 eta ETB-3 kateetan. Gainera, ETBko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiak Durangon aurkeztuko diren berrikuntzen bozeramaIle izango dira. Euskadi Irratiak, Radio Euskadik eta Gazteak ere gertutik jarraituko dute Durangoko azokan gertatzen den guztia.
'Sautrela' berezia abenduak 3an
Larunbat gauean, Durangoko Azokaren hasieraren bezperan, 'Sautrela' saio berezia eskainiko du ETB-1ek gaueko 23:00etan. Saioak sei lagun jarriko ditu solasaldi mahaiaren inguruan. Berriketariek Durangoko Azokak Euskal Literaturari ekarri dizkion onurak eta malurak aztertuko dituzte. Seiak idazleak izango dira: Eider Rodriguez, Arantxa Urretabizkaia, Ur Apalategi, Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, eta Hedoi Etxarte.
Izan ere, Durango da euskal literaturaren plaza, euskal plaza gorria. Zer eman dio Durangok euskal literaturari? Egia ote da Durango gabe txirotasunez hilko litzatekeela? Benetan al da Durango gure literaturaren birika? Horiek eta galdera gehiago erantzungo ditu larunbateko saioak, Durangoko azokak liburugintzari ematen diona aitortuz, eta, era berean, eman ez diona aztertuz.
'Bost egunetan Azokan' saioa
Hurrengo larunbatean, abenduaren 10ean, ETB-1ek 'Bost egunetan Azoka'n saio berezia eskainiko du gaueko 21:30ean. Saio honek Berta Lopez kazetaria izango du aurkezle eta azokaren gaineko bere bizipen pertsonalean oinarrituko da. Kazetariak Durangon pasako ditu bost egunak, bertako giroan murgilduko da, hitzaldi eta kontzertuetan izango da eta orokorrean Durangoko Azokan bizi daitekeen guztiaren lekuko izango da. 24 orduz ibiliko da azoka giroan eta bertara hurbilduko den jendearekin nahastuko da. 'Bost egunetan Azokan' saioak, Bertak lehenengo pertsonan bizitako esperientzia horren berri emango du, Durangoko Azokaren fenomenoa kazetariaren zentzumenen bitartez biziz.
Eguneroko laburpenak ETB-3n
ETB-3 kateak, halaber, Durangoko Azokaren eguneko berri, ekitaldi eta aurkezpenak bilduko dituzten eguneroko saioak eskainiko ditu gaueko 22:30ean. Saio hauek ETB-3ko eguneko programazioan eskainiko diren erreportaje laburren bilduma izango dira. Literatura txokoak, umeekin inkestak, ipuin kontaketak eta tailer ezberdinak eskainiko dituzte ikus-entzunezko pieza labur hauek, eta umeei zuzendutako programazioan ere tartekatuko dira.
'EITB Kultura 60' berezia
Datorren asteko 'EITB Kultura 60' saioa ere Durangoko Azokari zuzenduta egongo da eta Euskal Literatura eta Musika elkargune honek aurten egin duen aldaketa estrategikoaren gaineko hausnarketa izango da. Azokak kudeatzeko eredua aldatu eta hainbat alorretan berrikuntzak aurkeztu ditu, ekitaldiak deszentralizatuz eta eskaintza zabalduz. 'EITB Kultura 60' saioak aldaketa hauek zer izan diren eta Azokaren eguneko funtzionamendurako zer esan nahi duten aztertuko du eta estrategia berri honen helburuen berri emango du.
'Gaur Egun' eta 'Teleberri'
Ekitaldi garrantzitsuenak eta protagonista nagusiei jarraituko diete ETBko albistegi taldeak. Denetariko erreportajeak egingo dira azokaren berri emateko eta azoka-eremutik zuzenekoak egingo dira 'Gaur Egun' eta 'Teleberri'ko edizio guztietan.
Webgune berezia eitb.com-en
Webgune berezi bat sortu du eitb.com-ek azokaren 46. edizio honen inguruan. Webguneak Durangoko gune guztiak hurbil-hurbiletik jarraitzeko aukera eskainiko du, besteak beste, Haur Literatura aretoa, Ahotsenea, Irudienea, Kabi@ eta Szenatokia guneak bere lekua izango dute. Gainera, Ahotseneako emanaldi guztiak zuzen-zuzenean ikusteko aukera eskainiko du webguneak. eitb.com-eko Gaztea ataria ere Durangoko azokari zuzendua egongo da bere osotasunean eta bertan emango diren musika emanaldiak, kontzertuak, diskoen aurkezpenak eta protagonistekin elkarrizketak eskainiko dituzte.
Horrez gain, Azoka TBko programazio osoa ikusgai izango da eitb.com-en, etengabeko emisioan. Azoka TBk Durangoko azokan gertatzen ari den guztia jarraitzeko aukera emango die eitb.com-eko erabiltzaileei: giroa, protagonistekin elkarrizketak, disko eta liburu sinadurak... ETB-3, Goiena Telebista eta Hamaika Telebistaren arteko ekimena da Azoka TB eta duela bi urteko abialdiaren ondoren, aurten ere azokan gertatuko denaren isla izango da.
Radio Euskadi, Euskadi Irratia y Gaztea
Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak jarraipen zabala egingo diote aurtengo Liburu eta Disko Azokari. Igandean, bai Radio Euskadiko 'Más Que Palabras' zein Euskadi Irratiko 'Amarauna' ere azoka-eremutik bertatik egingo dira, euskal kulturaren elkargune honen inaugurazioa eta lehenengo momentuak betatik bertara biziz. Horrez gain, bi irratiek bere saio nagusienak azokaren berrikuntzekin eta protagonisten hitzekin beteko dituzte.
Radio Euskadiko 'Boulevard', 'La Jungla Sonora' eta 'Graffitti' saioek egunez egun jarraituko dute Durangoko Azokan emango den giroa eta aurkeztuko diren berrikuntzak, bai musika zein literatura aldetik. Gainera, eman denaren guztiaren nondik norakoak aztertuko dituzte.
Euskadi Irratiak ere egunero azokan gertatzen denaren berri emango du, aurkezpenak, kontzertuak eta bertan bizitzen ari den giroa irrati uhinetatik zabalduz. 'Arratsaldekoa' irratsaioak gainera, azokaren aurretiko informazioa eskainiko du abenduak 1 eta 2an. Hilaren 7an zuzenean egingo dute irratsaioa bertatik.
Gazteak jarraipen berezia egingo dio Durangoko Azokari. Abenduaren 4tik 8ra bitartean, bertako berrikuntza eta albiste guztiak ekarriko ditu arratsaldero Ainhoa Urretabizkaia lankideak.
Bestalde, 'B Aldea' saioan ere oihartzun handia izango dute Durangon izango diren gertakari eta ekintza guztiek. Eta abenduaren 7an, asteazkena, arratsaldeko 18:00etatik 19:00etara saio berezia egingo dute Landako gunetik.