Itxi

Estreinaldia

Pandemiak nola aldatu gaituen aztergai, gaur, "El día de mañana" saio berezian

EITB Media

Leer en Castellano

Dani Alvarez kazetariak koronabirusak gizartean izan duen eragina aztertuko du zientzia, politika eta kultura alorretako pertsonaia nabarmenekin.

"El día de mañana" erreportaje berezia. EITB Mediaren bideo batetik lortutako irudia.

Gaur, martxoak 14, Euskal Telebistak "El día de mañana" saio bereziaren estreinaldia eskainiko du. Salbuespen egoera ezarri eta itxialdia hasi zenetik urte bat bete denean, Dani Alvarez kazetariak koronabirusak gizartean izan duen eragina aztertuko du. Horretarako, zientzia, politika eta kultura alorretako pertsonaia nabarmenak izango ditu bidelagun, horien artean, Juan Luis Arsuaga antropologoa, Angel Martin umoregilea, Jonan Fernandez politikaria eta Edurne Portela idazlea. 

2020ko martxoaren 14an, etxean geratu behar izan ginen koronabirusaren hedapena txikitu eta gure osasun sistemaren kolapsoa ekiditeko. Itxialdiaren hasieran, itxaropen irudiak, meme-ak eta elkartasun mezuak ziren nagusi. Baina denbora pasa ahala, mezu positibo horiek guztiek kontrako kutsua  hartu dute eta gaur egun, gorroto eta asaldatze mezuez beterik daude sare sozialak. 

Dani Alvarez kazetariak pandemiaren unerik esanguratsuenak errepasatuko ditu, eta aldi berean, "normaltasun berri" honek gizartearengan duen eragina aztertuko du.  Horretarako, hainbat pertsonaia nabarmenekin hitz egingo du. Hasteko, Juan Luis Arsuaga paleoantropologoak koronabirusak espezie bezala nola aldatu gaituen hausnartuko du; Jonan Fernandez LABIko koordinatzaileak deseskalada eta Euskadin pandemiaren kudeaketak sortu dituen polemikak hartuko ditu hizpide; eta Angel Martin umoregileak berriz, covid-aren krisialdi honetan umorearen mugak aztertuko ditu.

Horrez gain, Edurne Portela idazleak azkeneko hilabeteetan sare sozialetan sortu den gorrotoa eta bortizkeriaz hitz egingo du; Juan Ignacio Perez Iglesias UPV/EHUko kultura zientifikoko katedraduna negazionistei buruz arituko da; Belen Barreiro, CISeko presidente ohia eta 40 dB institutuko zuzendaria, birusak gure bizitzan izan duen eraginaz jardungo da; Malbert youtuberrak Interneterako edukien sortzaileentzat urte ona izan dela azalduko du; eta Mikel Ayestaranek, EITBko korrespontsala Ekialde Ertainean, Israelen txertaketa masiboa nola egiten ari diren azalduko du.

Bestalde, birusaren biktimen testigantzak ere jasoko ditu saioak, zuzenean gaixotasuna sufritu duen Juanito Oiarzabalek bere bizipena azalduko du eta Olatz Vazquez kazetaria, birusaren alboko kalteak jasan dituztenen ahotsa izango da. Osasun zerbitzuen saturazioaren ondorioz, minbizia oso berandu antzeman zioten.

Nolakoak izango gara amesgaizto hau amaitzen denean? Zer izango da egingo dugun lehen gauza? Nola imajinatzen dugu gure bizitza hemendik urte batera?

K2000k ekoiztutako "El día de mañana" saioa berezia, gaur, martxoak 14, izango da ikusgai, 22:15etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.