Kopako Finala
Imanol Agirretxe eta Gorka Iraizoz, ETB1eko Kopako finalaren kontakizunean
EITB Media
Bi euskal taldeen arteko norgehiagoka historikoaren emanaldia egiteko, bi jokalari ohiak izango ditu bidelagun Jon Balentziaga kazetariak.
ETB1ek zuzenean eskainiko du gaur, apirilak 3, Athleticek eta Realak jokatuko duten Errege Kopako finala 21:30etik aurrera. Sevillako Cartuja estadioan jokatuko den norgehiagoka historikoaren kontakizuna Jon Balentziagak egingo du eta alboan bi euskal taldeetako ordezkari bana izango ditu: Gorka Iraizoz eta Imanol Agirretxe.
EITBk baliabide eta bitarteko guztiak jarriko ditu finalaren mesedetan: hemeretzi kazetari, hogeita lau kamera, helikoptero bat, plato ikusgarria, zuzeneko saioak, elkarrizketak eta gonbidatu bereziak. Halaber, partidaren aurretik eta ondoren saio bereziak izango dira ikusgai.
ETB1en, 20:20ean, Sara Gandarak finalaren atariko saioa gidatuko du Bilbotik, Sevillako Cartuja futbol-zelaian egongo den Jon Balentziagarekin zuzeneko konexioan. Bertan, Janire Fraguak eta Asier Arangurenek bi euskal taldeen azken orduaren berri emango dute. Saioak jarraipena izango du norgehiagoka amaitzean, gertatutako guztia aztertzeko. Bertan, lehen erreakzioak, zuzeneko konexioak, elkarrizketak, etxeko zaleen hitzak eta prentsaurrekoetan esandakoak bilduko dituzte, besteak beste.
Arratsaldean, Xabier Lapitzek "Geurea bai edo bai!" saio berezia aurkeztuko du ETB2n, 18:30ean hasi eta 21:00ak arte. Zuzeneko saio honek gonbidatu bereziak, kazetari adituak eta jokalari ohiak izango ditu, eta hainbat konexio egingo dituzte zaleen etxeetatik, teknologia berrien bitartez.
Gainera, Sevillako zein Euskal Herriko kaleetako giroaren berri emango dute: Mikel Egia Bilbon izango da, Leire Torre Donostian eta Cristina Vargas Sevillan. Jose Ituarte kiroletako kazetariaren parte hartzea ere izango dute.
Partida Euskadi Irratian eta Radio Euskadin
Finalaren egunean, apirilaren 3an, bai Euskadi Irratiko "Hiru Erregeen Mahaia" baita Radio Euskadiko "Kirolaldia" ere 16:00etan hasi eta partida bukatu arte luzatuko dira. Euskadi Irratian, partidaren kontakizuna Haritz Gallastegi, Maitane Urbieta eta Rafa Mungia kazetariek egingo dute, Angel Garitano Ondarru, Juanan Larrañaga eta Iñaki Eskisabelekin batera. Radio Euskadin Alberto Negro eta Txema Oliden izango dira esatariak, Luisfer Dadie eta Koikili Lertxundi adituak lagun dituztela.