Eguberriak 2011-2012
Gabonetako programazio berezia EITBn
EITB
'Euskal Kantuen Gaua'; Oscar Terolen 'Al Rescate' umore saioa; Gabon Zaharra lagun artean Finlandian eta 'Badator 2012' Ibon Uzkudunen eskutik ditu Euskal Telebistak, besteak beste.
Saio bereziak prestatzen ari da ETB gabon egunetarako. Entretenimendurik onena izango da garai honetan ere Euskal Telebistan. ETBko aurpegi ezagunak ez ezik, aktore eta aurkezle berri batzuk ere izango ditugu jai berezi hauetan gurekin batera. Gabon Gaua eta Urtezaharretan izango dira plater nagusiak, baina, jakina, jai eta opor guztietan izango ditugu emanaldi, albistegi eta saio bereziak eta zinerik onena.
Gabon Gauean musika nagusi ETB-1en eta umorea ETB-2n
Gabon Gauean musika izango da nagusi. 'Gabonetako Soinuak' izeneko saioarekin abiatuko da programazio musikala. Gaudeamus, Leioa Kantika eta Bilboko Kontserbatorioko koruek parte hartuko dute, Xabier Sarasola zuzendari dela. Ondoren, Ainhoa Artetak Ispasterren eskainitako kontzertua emango da.
Behin saio horiek amaituta, 'Euskal Kantuen Gaua' ekarriko digute Itziar Atienzak eta Kike Amonarrizek, eta honako hauek izango ditugu kantari Gabon Gauean: Martin Garitano eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak; Idoia Mendia, Blanca Urgell eta Gemma Zabaleta sailburuak; Getaria-Tolosako emakume arraunlariak; Igor Siguero eta Saioa Martija albistegietako aurkezleak; Antonio Basagoiti politikaria; 'Goenkale', 'Vaya Semanita', 'El Conquistador del Aconcagua' eta 'Anitzele' telebista saioetako aurkezle eta aktoreak; Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak; Gazteako 'Dida' saioko esatariak; Kutxabank-eko partaide diren hiru bankuetako presidenteak; Paloma Zorrilla, Josebe Iturrioz, Denis Itxaso eta Ainhoa Goikoetxea tertuliakideak; punta-puntako bertsolariak eta Joxe Mari Olasagasti eta Iñaki Perurena kirolariak.
Aurtengo edizioak berritasun ugari ditu, besteak beste, Ze esatek! musika taldeak egindako kanta ezagunen bertsioak; Athletic de Bilbao eta Real Sociedad futbol taldeetako jokalariekin edo La Oreja de Van Gogh musika taldearekin grabatutako bideo bereziak; edota Gatibuko abeslari Alex Sarduik Bermeoko Izaro abesbatzarekin batera egingo duen potpourria.
100 gonbidatu baino gehiago, 30 abesti inguru eta sorpresa ugari izango ditugu familia guztiarentzako saio berezi honetan.
Umore satiriko saioa da 'Al Rescate' ETB-2ko Gabon Gaueko saioa. 2011garren urteak emandakoaren laburpena egingo dute. Hainbat telebista saioen parodiak eskainiko dituzte: 'Salvados' (Jordi Evole berak parte hartuko du), 'El Encantador de Perros', 'Consumidores'...
Pertsonaiak ere hezurmamituko dituzte: Angela Merkel, Kofi Annan eta Mouriño, egun-eguneko beste zenbait pertsonairen artean. Esketxen arteko lotura egingo dute pertsonaia hauek.
Komiko lana dugu hau. Denetariko pertsonaiak egiten trebatutako aktore taldeak parte hartu du. Oscar Terol buru dela, besteak beste, Asier Hormazak eta Santi Ugaldek osatzen dute aktore taldea. Esketxetako batzuk pieza bakarrak dira eta beste batzuk serieak osatuko dituzte. Oraindik ETArekin bizi den herria sailean, Jordi Evoleren partaidetza izango dute. Indarkeriaren amaierako azken komunikatuarekin ere parodia egingo dute, Euskadin desagertuko diren gauzei buruzko komunikatuak eginez. Azkenik, bankariei buruzko parodia ere egingo dute.
Eguberri egunean 'Xabier Lete Gogoan' kontzertua izango dugu ikusgai 21:00etatik aurrera. Bertan, honako kantari hauek gogoratuko dute Lete: Paco Ibañez, Petti, Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz, Amaia Zubiria, Arantxa Irazusta, Xabier Euzkitze, Amets Arzallus, Anje Duhalde, Eñaut Elorriaga eta Beñat Serna (Ken7), Oskarbi eta Erramun Martikorenak. Atxaga idazleak ere parte hartzen du eta musikarien artean, Karlos Gimenez, Txema Garces, Xanet Arozena, Luis Fernandez, Francisco Herrero eta Joxan Goikoetxea. Noël Elorga da aurkezlea.
ETB-2n, egun horretan, berriz, 'El Conquistador del Aconcagua'ren finala bizitzeko aukera izango da, Julian Iantzi, Juanito Oiartzabal, Mikel Goñi eta aurtengo lehiakide guztiak bertan direla.
ETB-1eko Gabon Zaharra Finlandian
Gabon Zaharra Finlandian pasako dugu ETB-1en. '12 Baietz Finlandian!' saioa 23:20ean hasiko da eta bertan, programako kolaboratzaileekin batera, ETBko aurpegi ezagunek hartuko dute parte.
Ainerek eta Aitziberrek Joxemari Olasagasti eta Inaxio Perurenari Gasteiztik kanpaikadak eman behar dituztela gogoraraziko diete eta arrapaladan irtengo dira Gasteizeruntz. Bidean geldialditxoak egingo dituzte eta Road Movie polit bat osatuko digute, pikoloak (Flamarique eta konpainia) atzetik dituztela. Txus Jaioren laguntza ere beharko dute Gasteizera iristeko.
Kanpaikaden ostean guztiak dantzan ikusiko ditugu eta musika saioak izango dira nagusi. Konjuntu eta abeslari bereziak izango dira, nola ez.
ETB-2n jai handia Gasteiztik eta 'Vaya Semanita'ren onena
Aurten Gasteiz izango da ETB-2ko kanpai-hotsen saio bereziaren luxuzko eszenatokia. Izan ere, oso urte garrantzitsua izango da 2012 Arabako hiriburuarentzat, European Green Capital gisa biziko baitu. 'Badator 2012' saio berezia Ibon Uzkudun eibartarrak aurkeztuko du eta punta-puntako musikarien parte hartzea izango du: Fangoria, Nancys Rubias eta OBK. Halaber, Jare euskal taldeak 'Xalbadorren heriotzean' abesti arrakastatsuaren bertsio berezia kantatuko du Ainhoa Cantalapiedra Galdakaoko abeslariarekin batera.
ETBko eta Euskal Herriko aurpegi ezagunenak ere bilduko dira gasteiztarrekin batera topa egitera: Julian Jantzi, Oscar Terol, Juanito Oyarzabal, Anjel Alkain... Eta planetako azken zirrikituetatik agur oso bereziak jasoko dituzte.
Saio berezi honekin batera, 'Vaya Semanita'ren esketx onenen bilduma izango da ikusgai ETB-2n gauerdiaren aurretik eta ondoren.
'Eguberri Off': Gabonak hankaz gora jarriko dituen saioa
Urtea hasteko, urtarrilaren 1ean 'Eguberri Off' saio prestatu du ETB-1ek. Zergatik hasten dugu urtea 12 mahats janda, zergatik ez ditugu jaten 12 madalena? Gabonak noiz hasten diren badakigu, baina noiz bukatzen dira? Noiz arte atera daiteke etxera etorritako bisitei gabonetan sobratutako turroi biguna? Belengo estalpea Palestinan bazegoen, ze kristotarako jartzen dugu guk jaiotzan goroldioa? Ta jaiotzako figuratxoak txikiak badira, zergatik izaten da etxe gehienetan Jesusito hiru aldiz handiagoa?
Galdera hauei eta beste askori erantzuna aurkitzen saiatuko dira 'Eguberri Off' bakarrizketa saioan. Kowalski ekoiztetxeak prestatu eta Anartz Zuazuak zuzenduko du gabonen inguruko ikuspuntu umoretsua emango duen programa hau. Aurkezle Nagore Aranburu aktorea izango da eta gonbidatu ezagunak izango ditu taulan lagun saio berezi honetan. Kontxu Odriozola, Mikel Pagadizabal, Iban Garate, Egoitz Lasa eta Itziar Urretabizkaiak hankaz gora jarriko dituzte beraien bakarrizketekin aurtengo gabonak.
'Mihiluze Haurrak' eta erretransmisio bereziak: Euskadi-Tunisia futbol partida, Olentzero eta Erregeak
Abenduaren 20tik aurrera, Gabonetako oporrak aprobetxatuz, etxeko gazteenak 'Mihiluze'ko jaun eta jabe bihurtuko dira. Lehiak, dibertsioak eta entretenimenduak gabon ukitua izango dute hiru astez luzatuko diren saio berezietan.
Horrez gain, zenbait erreportaje berezi ere egongo dira. Loteriari buruzkoa hilaren 19an ETB-2n eta jakina loteria egunean ere arreta zabala eskainiko diote gaiari albistegi eta saio ezberdinek.
Abenduaren 21ean, ETB-1en, Joxe Migel Barandiaran hil zela 20 urte beteko diren gabon hauetan, omenaldi berezia prestatu nahi izan dio ETBk. Artxibotik 100 urte bete zituenean bere omenez egindako dokumentala berreskuratuko du. Jose Mari Velez de Mendizabalek, Joxe Migel Barandiaran Fundazioko presidenteak, aurkeztuko du dokumentala.
San Tomas biharamunean, halaber, erreportaje berezia izango da ikusgai ETB-1en. Xabier Euzkitzeren eskutik Donostiako San Tomasak nola bizi dituzten erakutsiko digute eta Roberto Mosori jarraituz, berriz, Bilboko San Tomas jaian barneratuko gara. Bi festak alderatuko dituzte saio berezi honetan.
Beste behin ere Olentzeroren etorrera eskainiko du ETB-1ek abenduaren 23an. Gabon Gauaren bezperan Olentzerok Bilbora egingo duen etorrera eskainiko du zuzenean.
Gabonetako beste hitzordua kirolaren eskutik dator: 28an zuzen-zuzenean San Mamesetik Euskadi eta Tunisiaren arteko futbol partida emango da 20:45ean hasita.
Eta jakina, urtarrilaren 5ean Errege Kabalgata zuzenean emango da ETB-1en.
Izar askotako zinea eta urteko laburpenaren albistegi bereziak
Azkenik, eta ohi denez, zineak ere tarte zabala izango du ETBko Gabonetan. ETB-1en, besteak beste, Batman Zaldun Iluna, Mozolopintoa (Pagafantas), Izarren Argia, Harry Potter eta Fenixen Ordena ikusiko ditugu. ETB-2n, berriz, Gran Torin, Malditos Bastardos, Sonrisas y Lagrimas eta Charlie y la fábrica de Chocolate ditugu oraindik zehaztu gabe dagoen zerrendan aipagaia.
Albiste zerbitzuen aldetik, berriz, urteko albiste nabarmenen laburpenarekin saio berezi bana izango dira ETB-1en abenduaren 29an eta ETB-2n abenduaren 30ean. Euskarazkoa Xabier Usabiagak aurkeztuko du eta gaztelaniazkoa, berriz, Africa Baetak. Abenduko azken astean, gainera, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri'n tarte bat zabalduko dute egunero arlo guztietan urtean izan diren berri garrantzitsuenak errepasatzeko. Halaber, kalera ere irtengo dira jendeari urteko irudi, berri edo oroitzapen biziena zein den galdetzeko.