Itxi

Aste honetan

We are Standard taldeak diska berria aurkeztuko du 'EITB Kultura'n

A.H.

EITB

Saioak, gainera, Aurora Beltran nafarraren lan berria ezagutuko du.

We are standard

Aste honetako 'EITB Kultura' saioa We Are Standard taldearen erritmoarekin hasiko da. Bizkaiko taldeak Great State diskoa aurkeztuko du. Bost abestik osatzen dute lana, eta nahiz eta aurrekoak baino motelagoak izan, argi uzten dute jendea dantzan jartzeko taldeak duen gaitasuna.

Aurora Beltran musikari nafarra ere 'EITB Kultura'ra hurbilduko da Museo púrpura izeneko disko berria aurkeztera. Bakarkako bigarren lana du, zuzenean grabatuta, bi kitarra, txeloa eta pianoaren soinuarekin. Aurreko laneko abestiekin batera, kanta berriak ere sortu ditu.

Vaiven Producciones konpainiaren eskutik, 'EITB Kultura'k egungo nerabeen beldur eta mamu sexualak ezagutuko ditu. Lotsa gabe / Sin vergüenzas lanak bost gazte ditu protagonista, lotsarik gabe hitz egiten dute bere harremanen inguruan. Umorea eta pedagogia oinarritzat hartzen ditu antzezlan honek.

Bere bigarren urteurrena bete du Arteuparte aldizkariak eta 'EITB Kultura'k bere orrialdeak irekiko ditu sakontasunean ezagutzeko. Paul Lataburu proiektuaren zuzendariak aldizkariaren ezaugarriak aipatuko ditu eta arte, hiri kultura eta gazte ekintzaileei buruzko aldizkari honen ekimen eta ibilbidea errepasatuko ditu.

Espejo negro konpainiak, bere aldetik, El fantástico vaije de Jonás el espermatozoide antzezlana aurkeztuko du 'EITB Kultura'n. Jonas espermatozoide alferra da eta bere lagunak Orin erregea, Prostata emakumea, Wilson eta Testosterona izango dira. AndaluziAko konpainia honen muntaiak zuzendaritza onenari 2011ko Feten Saria jaso du.

Horrez gain, Donostiako Koldo Mitxelenaren ganbaran Juan Carlso Eguillorren lana ezagutuko du 'EITB Kultura'k. Marrazkilari bilbotarrak hainbat pertsonaia erretratatu zituen eta Luis Gasca eta Julian Armendárizen kolekzioetatik ateratako lanek osatzen dute erakusketa.

Amaitzeko eta Donostiatik irten gabe, Kur galerian Aitor Sarasketa artista eibartarraren koloretako pintura geometrikoa ezagutuko dute.

'EITB Kultura' astelehen honetan emitituko da 00:10etik aurrera ETB-1en, asteartean 00:40ean ETB-2n eta ostiralean 22:30ean ETB-3n.