Gaueko bederatzietan
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala, igandean, ETB-1en
A.A.
EITB
Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin nor baino nor, Gpuntuaren Ilunbeko festan.
Igande arratsaldean Donostiako Ilunbe zezen-plazan jokatuko den Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finala ETB-1en jarraitu ahal izango da egunean bertan, gaueko bederatzietatik aurrera. Jexux Mari Irazu, Beñat Gaztelumendi, Iñaki Apalategi, Aitor Sarriegi, Unai Agirre, Agin Rezola, Alaia Martin eta Jon Martin izango dira Gpuntuaren festa handiko protagonistak. Azken helmugara iritsi diren zortzi bertsolariak Iñaxio Uxarralde eta Itziar Etxezarretaren esanetara jardungo dira kantuan.
Laxaro Azkune izango da Illunben aurtengo txapeldun berriari txapela jarriko diona.
Irabazleak Aitor Mendiluze ordezkatuko du, andoaindarra izan baitzen 2007ko txapelketa irabazi zuena.
Maiatzean hasi zuen ibilbidea Gpuntuak, sailkapen fasearekin. Udako geldialdiaren ostean, irailean final zortzirenei ekin zieten eta pausoz pauso azken helmugara, Donostiara, iritsi dira. Bidean 26 herritatik barrena igaro da txapelketa: Gipuzkoa osotik bailaraz bailara ibili da.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa gaur egun lau urtetik behin egiten den bertsolari txapelketa da, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak antolatzen duena. Lehen aldiz 1959an egin zen, baina 1967tik 1991ra arte ez zen izan txapelketa gehiagorik.
Bertsolaritzak indar gehien duen lurraldea Gipuzkoa izaki, txapelketa honetan bertsolari handiek hartu izan dute parte. Irabazleen artean ditugu Lazkao Txiki, Anjel Mari Peñagarikano edota Aitor Mendiluze.