22:00etan
Urmuga jaialdiaren bigarren atala, gaur gauean, "Oholtzan" saioan
EITB Media
Mendia, kultura, musika eta euskara uztartzen dituen jaialdian, Donostiako Orfeoia, Txomin Artola, Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze, Leturia, Xendarineko Ahizpak eta Oreka TX arituko dira.
Mendia eta musika uztartuz, natura eta gizakia musikaren bidez harremantzea du helburu nagusi Urmuga egitasmoak. Ilaski Serranok aurkeztuta, "Oholtzan" saioak jaialdi honi eskainitako bigarren atala emango du larunbat gauean. Gipuzkoako Lareoko urtegian eta Nafarroako Aizpearron egindako kontzertuak bilduko ditu bigarren emanaldi honek.
Et Incarnatus orkestrak lagunduta, Donostiako Orfeoia, Txomin Artola, Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluze, Xabier Berasaluze Leturia, Xendarineko Ahizpak eta Oreka TX izango dira emanaldiko protagonistak, besteak beste. Entzungo diren kanta ezagunen artean dira "Oi lur oi lur", "Nire herriko neskatxa maite", "Ibiltariarena", "Ederra zarela" edota "Goizeko euri artean".
"Oholtzan" gaur izango da ikusgai, 22:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.