Itxi

Heriotza

ETB2k, ETB4k eta eitb.eus-ek 'Los ojos de la Guerra' dokumentala eskainiko dute gaur

EITB Media

Leer en Castellano

David Beriain eta Roberto Fraile Burkina Fason hil dituzten bi euskal kazetariek parte hartu zuten bertan.

Roberto Fraile, Roberto Lozano Bruna dokumentalaren zuzendariarekin. Dokumentalaren irudia.

Kasualitate triste batek hala eraginda, gaur gauerako ETB2n Los ojos de la guerra (2011) dokumentalaren emanaldia zegoen iragarrita, David Beriain eta Roberto Fraile Burkina Fason hil dituzten bi euskal kazetariek parte hartu zuten lana. Hain zuzen ere, David Beriain da dokumentalaren protagonistetako bat; Roberto Fraile, berriz, argazki-zuzendaria eta soinu arduraduna.

Roberto Lozano Brunak zuzendutako dokumentalak giza eskubideen aldeko aldarrikapena egiten du, eta gerrako erreportarien bizitzaren, begiradaren eta testigantzen bidez, horiek bortxatu izana salatzen du; izan ere, gizakien arteko gatazkan eta haren ondorioetan sakonduz, giza izaera bera aztertu eta zalantzan jartzen dute.

Dokumentalak Afganistan, Jugoslavia, Irak eta Afrikako gerrak hurbilduko dizkigu. Hainbat alderdi garrantzitsu aztertuko dituzte: bertako prentsaren garrantzia, gerraren eragina biktimengan, gai horren tratamendua kazetarien aldetik, eta gatazka armatuen ondorioen lekuko diren gerra erreportariek dituzten arriskuak. Gerraren arriskuaren eta egia kontatzeko nahiaren erdian kokatzen dute bere burua.

Gerrako hainbat erreportariren lekukoak biltzen ditu Los ojos de la guerra dokumentalak. David Beriainek Afganistanen bizitakoa azalduko du; Gervasio Sanchezek, Jugoslavian ikusitakoa; Mikel Aiestaranek, Iraken gertatutakoa, eta Hernan Zinek, Ruandan jazotakoa. Halaber, Javier Bauluz, Sergio Caro, Enrique Meneses, Jon Lee Anderson eta Rosa Maria Calaf kazetarien azalpenak ere bilduko ditu.

Los ojos de la guerra gaur gauean izango da ikusgai, 01:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en. ETB4n ere izango da ikusgai, 22:00etan. Telebistan eman ostean, EITB Nahieranen izango da ikusgai maiatzaren 12ra arte.

Albisteak (1)