Haur programazioa
Eguberri hauetan, 'Trikitraka Trikitron', ETB-3n
A.A.
EITB
Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen saioa 14:00etan izango da ikusgai.
Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen abenturez gozatzeko parada izango dute etxeko txikienek Eguberri hauetan. ETB-3ko marrazki bizidun eskaintza zabalari 'Trikitraka Trikitron' saioaren atalak gehituko zaizkie datorren astetik aurrera.
14 atal izango dira ikusgai, Barañain, Amurrio, Irun, Barakaldo, Gasteiz, Bilbo, Eibar, Lizarra, Donostia eta Zallan grabatutakoak. Betiko Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin batera juniorrak ere ikusiko ditugu taula gainean, ohiko lagunekin batera: Pepitto makinari xelebrea, Matixa rapera bihurria, Kakusai maltzurra, Marxiana sorgina, Eskeleto tontoa, Amona Matixona, Aitona Pepitton eta beste hainbat eta hainbat.
Pepitto makinari xelebreak Pelipe trena gidatuko du herriz herri Matixarekin batera eta gure pailazoek makina bat abentura biziko dituzte haurtxoen gozamenerako. Tarteka, noski, abestu ere egingo dute. Bizi guztiko kantu mitikoez gain ('Pintto-Pintto', 'Zapi zuria', 'Paristik natorren', 'Ikusi mendizaleak'...), Txirri, Mirri eta Txiribitonek azken urteetan sortutako abesti berriak eskainiko dituzte: 'Sudur gorria', 'Aitonamona txapeldun', 'Zeinen ederki', 'Zoro gaitezen', 'Marko Polo', e.a.
'Trikitraka Trikitron' 14:00etan izango da ikusgai ETB-3n.