Gabon Gaua eta Eguberri Eguna
'Euskal Kantuen Gaua 2011' eta 'Al Rescate', Gabon Gauean ETBn
A.E.
EITB
Eguberri Egunean 'El Conquistador del Aconcagua'ren finala emango da eta 'Xabier Lete Gogoan' kontzertua.
Programazio berezia prestatu du ETBk Gabon Gauerako eta Eguberrirako. Zinea, musika eta umorea izango dira osagai nagusiak egun berezi horietan.
'Euskal Kantuen Gaua 2011' ekarriko digute Itziar Atienzak eta Kike Amonarrizek Gabon Gauean ETBra, 23:20etik aurrera. Sorpresa eta nobedade ugari izango da aurten saio berezian, 100 gonbidatu baino gehiago, 30 abesti inguru, guztia etxetik familia giroan gozatzeko.
Kantari, beste behin, alor ezberdinetako jende ezaguna giro ezin hobean. Politikariei dagokionez: Martin Garitano eta Jose Luis Bilbao Gipuzkoa eta Bizkaiko ahaldun nagusiak, Idoia Mendia, Blanca Urgell eta Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Antonio Basagoiti Alderdi Popularreko presidentea Euskadin.
Horrez gain, Getaria-Tolosako emakume arraunlariak, Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak; Igor Siguero eta Saioa Martija albistegietako aurkezleak; 'Goenkale', 'Vaya Semanita', 'El Conquistador del Aconcagua' eta 'Anitzele' telebista saioetako aurkezle eta aktoreak; Gazteako 'Dida' saioko esatariak; eta Paloma Zorrilla, Josebe Iturrioz, Denis Itxaso eta Ainhoa Goikoetxea tertuliakideek hartuko dute parte. Abesten ariko dira elkarrekin, gainera, Kike Amonarriz, Itziar Atienza, Ilaski Serrano, Aitziber Garmedia, Klaudio Landa eta Estitxu Fernandez.
'Euskal Kantuen Gaua 2011'n izango dira, halaber, punta-puntako bertsolariak: Onintza Enbeita, Sebastian Lizaso, Alaia Martin, Maddalen Arzallus, Anjel Mari Peñagarikano eta Aitor Sarriegi Gipuzkoako txapeldun berria, eta azkenaldian elkarrekin jardunean ere ikusi ahal izan ditugun Joxe Mari Olasagasti eta Iñaki Perurena kirolariak.
Aurtengo edizioak berritasun ugari ditu, besteak beste, Ze esatek! musika taldeak egindako kanta ezagunen bertsioak; Athletic de Bilbao eta Real Sociedad futbol taldeetako jokalariekin, La Oreja de Van Gogh musika taldearekin eta ETBko albistegi eta kiroletako aurkezle taldearekin grabatutako bideo bereziak; edota Gatibuko abeslari Alex Sarduik Bermeoko Izaro abesbatzarekin batera egingo duen potpourria. Horrez gainera, Ampo Ordizia errugbi taldeko jokalari atzerritarrak ere izango ditugu.
Horren aurretik, ostera, Baionatik Bilbora jaialdia ere izango dugu ikusgai 22:00etan. Euskadi Irratiak eta Elkarrek antolatutako jalaldia Euskalduna Jauregian grabatu zen asteartean. Iparraldeko abeslari guztiak taula gainean izango dira lehen aldiz, belaunaldi ezberdinetako kantari eta musikariak elkarrekin. Gertaera historikoa ezbairik gabe, eta enblematikoa ere bai: Pantxoa eta Peioren azken agerpenetako bat baita eta Errobi talde mitikoa 30 urte ondoren taularatu delako. Eurekin batera, Erramun Martikorena, Niko Etxart, Etxamendi eta Larralde, Naia Robles, Bidaia, Maialen Errotabehere, Kantiruki eta Kalakan taldeak aritu ziren, Maider Segurolak aurkeztutako gau-emanaldi paregabean.
Beste bi musika hitzordu ere izango dira. Ainhoa Artetak Ispasterren eskainitako kontzertua emango da 18:20ean eta 'Gabonetako Soinuak' 20:55ean. Gaudeamus, Leioa Kantika eta Bilboko Kontserbatorioko koruek parte hartuko dute, Xabier Sarasola zuzendari dela.
'Al Rescate', ETB-2n
ETB-2n, Gabon Gauean, arratsaldean Lassie eta Notting Hill filmeekin zinea izango dugu eta 'Teleberri' albistegiaren aurretik, Juan Carlos I erregearen Gabon Gaueko mezua izango da 21:00etan.
Horren ondotik, 'Al Rescate' umore satiriko saioa izango da ikusgai, ETB-2ko Gabon Gaueko saio nagusia (22:115ean). 2011garren urteak emandakoaren laburpena egingo dute. Hainbat telebista saioen parodiak eskainiko dituzte: 'Salvados' (Jordi Evole berak parte hartuko du), 'El Encantador de Perros', 'Consumidores'... Pertsonaiak ere hezurmamituko dituzte: Angela Merkel, Kofi Annan eta Mouriño, egun-eguneko beste zenbait pertsonairen artean. Esketxen arteko lotura egingo dute pertsonaia hauek.
Komiko lana dugu hau. Denetariko pertsonaiak egiten trebatutako aktore taldeak parte hartu du. Oscar Terol buru dela, besteak beste, Asier Hormazak eta Santi Ugaldek osatzen dute aktore taldea. Esketxetako batzuk pieza bakarrak dira eta beste batzuk serieak osatuko dituzte. Oraindik ETArekin bizi den herria sailean, Jordi Evoleren partaidetza izango dute. Indarkeriaren amaierako azken komunikatuarekin ere parodia egingo dute, Euskadin desagertuko diren gauzei buruzko komunikatuak eginez. Azkenik, bankariei buruzko parodia ere egingo dute.
Ondoren 23:25ean 'Colesterol del Bueno' saioa izango dugu ikusgai, 23:25ean hasita. Bertan, Oscar Terolen umore tarte onenak bildu dituzte.
Eguberri egunean, besteak beste 'Xabier Lete Gogoan' kontzertua izango dugu ikusgai 21:00etatik aurrera ETB-1en. Honako kantari hauek gogoratuko dute Lete: Paco Ibañez, Petti, Antton Valverde, Pier Paul Berzaitz, Amaia Zubiria, Arantxa Irazusta, Xabier Euzkitze, Amets Arzallus, Anje Duhalde, Eñaut Elorriaga eta Beñat Serna (Ken7), Oskarbi eta Erramun Martikorenak. Atxaga idazleak ere parte hartzen du eta musikarien artean, Karlos Gimenez, Txema Garces, Xanet Arozena, Luis Fernandez, Francisco Herrero eta Joxan Goikoetxea. Noël Elorga da aurkezlea.
ETB-2n, egun horretan, berriz, 'El Conquistador del Aconcagua'ren finala bizitzeko aukera izango da, Julian Iantzi, Juanito Oiartzabal, Mikel Goñi eta aurtengo lehiakide guztiak bertan direla 22:00etan.