20:00etan
Joseba Arguiñano Orexan izango da, arratsaldean, "Historias a Bocados" saioan
EITB Media
Gipuzkoan biztanlerik gutxien duen udalerria da: 110 pertsona inguru daude erroldatuta. Bertan, Josune, Unai eta Miren ezagutuko ditu, eta horien istorioak ekarriko dizkigu, sukaldaritza oinarri.
Gaur, maiatzak 2, Orexa herria bisitatuko du Joseba Arguiñano sukaldariak ETB2ko "Historias a Bocados" saioan. Gipuzkoan biztanlerik gutxien duen udalerria da hau, 110 pertsona inguru baitaude bertan erroldatuta. Herrira egindako bisitan bertako zenbait bizilagunen istorio pertsonalak ezagutuko ditu.
Josunek 49 urte ditu eta betidanik bizi da Orexan. Herriaz harro dago, eta egunero txakurrarekin bisitatu ohi dituen txokoak, inguru ikusgarriak eta mendiak erakutsiko dizkio Josebari. Ibilalditik bueltan, baserriko sukaldean, barazkiak prestatuko dituzte, lurrunean. Patata purearekin eta ur irakinetan egindako arrautzekin batera jango dituzte barazkiak, guztiak etxeko produktuak.
Unai 31 urteko donostiarra da eta 8 hilabete daramatza Orexan. Hain justu ere, Oihan Txiki abeletxe kooperatiban kudeatzaile lanetan dabilen denbora. Idiazabal gazta eta gazta urdina ekoizten dituzte bertan, eta herriko biztanleen %10 bertan ari da lanean. Joseba Gastronomia Elkartera eramango du Unai, eta bertan egundoko platera prestatuko dute: Ukondoa gariarekin eta perretxikoekin, tomatetxo konfitatuak eta batata gazta urdinarekin. Bukatzeko, gaztandegira ere joango dira, gazten iraulketa egitera.
Ostatua da Orexako beste ekonomia iturrietako bat. Taberna, jatetxea eta denda ere badute bertan, tokiko produktuak salgai. Hau dena Mirenen eskutik ezagutuko du Josebak, egunero Tolosatik Orexara lanera joan ohi den 52 urteko emakumea. Sukaldean, berriz, menu oso bat landuko dute: Pikatxa nahaskia, hasierakoa; Sasi Ardi arkumea entsaladarekin, plater nagusiko; eta gazta urdin tarta postrerako.
"Historias a Bocados: Orexa" gaur izango da ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.