Itxi

Urtarrilaren 2tik aurrera

Ordutegi berria 'Iparraldearen Orena' albistegiarentzat

A.A.

EITB

Iparraldeko gertakizun eta albisteen berri dakarren saioa, Guillaume Irigoienek aurkezten du. Berarekin batera, Jasone Iroz, Oskar Epelde eta Franck Dolosor aritzen dira berriemaile.

'Iparraldearen orena'. Argazkia: EITB

'Iparraldearen Orena' albistegiak ordutegi berria izango du datorren astelehenetik, urtarrilaren 2tik, aurrera. Iparraldeko gertakizun eta albisteak biltzen dituen saioa iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren aurretik emango da, 19:40ak inguruan. Guillaume Irigoienek aurkezten du saioa eta berarekin batera, Jasone Iroz, Oskar Epelde eta Franck Dolosor kazetariak aritzen dira berriemaile.

Iparraldeko egunerokotasuna lantzen du 'Iparraldearen Orena' saioak, gizarte gaiak, politika, kirola eta kultura. 'Albistegia baino, iazko udatik magazina egiten saiatzen gara, zubiak eraikiz Ipar eta Hegoaldearen artean', azaldu du Franck Dolosor lan taldeko koordinatzaile eta saioaren editoreak.

Aste barruko albistegiaz gain, igandetan 'Iparraldearen Orena Astekaria' dago ikusgai ETB-1en, asteko erreportaje onenen 25 minutuko bilduma. Aldizka aurkezten dute Franck Dolosorrek eta Oskar Epeldek.

Bi saio hauen bitartez, Iparraldearen eguneko errealitatera hurbiltzeko aukera dute ikus-entzuleek ETB-1en. Gainera, eguneroko saioa eta astekaria EITB Nahieran-en ere ikusgai daude.

Baionan dihardu lanean 'Iparraldearen Orena' saioko lan-taldeak. 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietarako erreportajeen ardura ere eurek dute. Ondoan dituzte, halaber, Andoni Lizeaga eta Igor Emery, Euskadi Irratiko eta Radio Euskadiko esatariak.

2012ko irailean 20 urte beteko ditu 'Iparraldearen Orena' saioak. Orduan ere izango dute zer kontatu: hauteskunde presidentzialak eta legegileak, Herri Urrats... eta eguneroko aktualitatea.