Itxi

Larunbat gauean

'Eguberri Off', Gabonak hankaz gora jarriko dituen saioa

A.A.

EITB

Nagore Aranburu, Kontxu Odriozola, Mikel Pagadizabal, Iban Garate, Egoitz Lasa eta Itziar Urretabizkaia aktoreen eskutik.

'Eguberri off'. Argazkia: EITB

ETB-1ek 'Eguberri Off' saioa eskainiko du larunbat gauean, 21:00etatik aurrera. Gabonak amaitzear daudela aprobetxatuz, jai hauek hankaz gora jarriko ditu saioak eta ikus-entzuleen algara bilatuko du. Zergatik hasten dugu urtea 12 mahats janda, zergatik ez ditugu jaten 12 madalena? Gabonak noiz hasten diren badakigu, baina noiz bukatzen dira? Noiz arte atera daiteke etxera etorritako bisitei gabonetan sobratutako turroi biguna? Belengo estalpea Palestinan bazegoen, ze kristotarako jartzen dugu guk jaiotzan goroldioa? Ta jaiotzako figuratxoak txikiak badira, zergatik izaten da etxe gehienetan Jesusito hiru aldiz handiagoa?

Galdera hauei eta beste askori erantzuna aurkitzen saiatuko dira 'Eguberri Off' bakarrizketa saioan. Kowalski ekoiztetxeak prestatu eta Anartz Zuazuak zuzenduko du gabonen inguruko ikuspuntu umoretsua emango duen programa hau. Aurkezle Nagore Aranburu aktorea izango da eta gonbidatu ezagunak izango ditu taulan lagun saio berezi honetan. Kontxu Odriozola, Mikel Pagadizabal, Iban Garate, Egoitz Lasa eta Itziar Urretabizkaiak hankaz gora jarriko dituzte beraien bakarrizketekin aurtengo gabonak.