Itxi

EITB, Pilotaren Etxea

Buruz Buruko Txapelketaren jarraipen osoa, EITBn

EITB Media

Leer en Castellano

Astero hiru jaialdi izango ditugu ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en. Larunbat eta igandeko partiden kontakizuna Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian ere jarraitu ahal izango dira.

Buruz Buruko Txapelketako aurkezpena. Argazkia: EITB Media

Donostian aurkeztu den Buruz Buruko Txapelketa oso-osorik EITBn jarraitu ahal izango dugu. ETB1ek eta eitb.eus-ek astero hiru jaialdi eskainiko dituzte zuzenean, eta irrati bidezko emankizunak ere izango ditugu astebururo Euskadi Irratian, Radio Euskadin eta Radio Vitorian. Streaming bidezko emanaldiak webguneko pilotaren atari berezian ez ezik, EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioetan jarraitu ahal izango dira. 

Gaur hasiko da 2021eko Buruz Buruko Txapelketa Azkoitian. Lau jardunaldi izango ditugu: final-zortzirenak lehen asteburuan, final-laurdenak bigarrenean, maiatzaren 30ean finalerdia eta ekainaren 13an final handia. Guztiak "ETB Kantxa" saioan eskainiko dira zuzenean. 

Lehiaren bizitasuna eta ikusgarritasuna ikus-entzuleei hurbiltzeko asmoz, beste behin profesional talde zabala arituko da lanean eta ahalegin teknologiko handia egingo du EITBk Eskuz Banakako Txapelketan. 

Esatari lanetan ohiko lan-taldea arituko da, txandaka: Xabier Euzkitze, Joseba Urkiola, Abel Barriola, Mikel Idoate, Elena Azpeitia eta Ane Muruamendiaraz. Ostiral gauetako emankizunak 22:00etan hasiko dira eta larunbat eta igande arratsaldetakoak 17:00-17:30 bitartean, Italiako Giroaren ordutegiaren arabera. 

EITB Mediako irratiek ere bertatik bertara jarraituko dituzte Buruz Buruko Txapelketaren nondik norakoak. Gainera, larunbat eta igandeko kirol saioetan jaialdien kontakizuna egingo dute zuzenean. Euskadi Irratian, "Hiru Erregeen Mahaia" saioan, Kepa Iribar dugu pilota emankizunen arduraduna. Radio Euskadiko "Kirolaldia" saioan Mikel Bilbao kazetariak egiten ditu gidari lanak; eta Radio Vitorian Juantxu Martínez da pilota esataria. 

Erik Jaka egungo txapeldunak ezingo du titulua defendatu atzeman berri dioten perikarditisa dela-eta. Axier Arteagak hartuko du haren lekua, eta berarekin batera Urrutikoetxea, Agirre, Bengoetxea VI.a, Peña II.a eta Artola arituko dira Baiko enpresatik. Aspeko ordezkariak, berriz, Altuna III, Elezkano, Ezkurdia, Rezusta, Zabaleta eta Dario izango dira. Guztira hamabi pilotari lehiatuko dira Buruz Buruko txapela preziatua janzteko bidean.

EITB, Pilotaren Etxea 

Esku pilota da EITBren kirol emankizunetako harribitxietako bat. Ehunka urteko historia duen jarduera hau errotua dago oso gure tradizioan eta milaka jarraitzaile ditu Euskal Herrian barrena, baita gure mugetatik kanpo ere.

Pilotalekuak hutsik egotera behartuak dauden honetan, telebista bidezko pilota emankizunek indar gehiago hartu dute. Igandeko Binakako finala, hain justu, azken bost urteetako ikusiena izan zen. Norgehiagoka lider izan zen bere ordu tartean % 16,8ko audientzia-zatiarekin eta euskaldunen artean % 20,8ko kuota eskuratu zuen. Halaber, 249.000 ikus-entzulek bat egin zuten Elezkano II-Zabaleta / Peña II-Albisu partidarekin uneren batean Euskadin eta eragin eremuan. 

Bestalde, Euskadi Irratiak eta Radio Vitoriak pilotari propio eskainitako irratsaio bana dituzte. "Katedra" saioak ia bi hamarkada daramatza astelehen gauero pilotazaleei zuzendutako informazioa eskaintzen, lehenik Iñaki Elortza Txapas-en gidaritzapean eta duela bi urtetik Kepa Iribarren eskutik. Radio Vitorian Juantxu Martínezek "Kantxa" saioa egiten du asteazken arratsaldero. Bertan, pilota profesionalaren jarraipena egiteaz gain, oinarrizko kirolari leihoa zabaltzen dio baita ere. 

Informazio gehiago (2)