22:30ean
'El silencio de la ciudad blanca' filmaren estreinaldia, gaur gauean, "LND" saioan
EITB Media
'La ciudad blanca' trilogiaren lehen eleberrian oinarritutako thriller dramatikoa da, Daniel Calparsorok zuzenduta. Belen Rueda eta Javier Rey aktoreak dira protagonistak eta Gasteizen girotuta dago.
Gaur gauean, El silencio de la ciudad blanca pelikularen estreinaldi esklusiboa eskainiko du "La Noche De..." zinema saioak ETB2n eta eitb.eus-en. Eva Garcia Saenz de Urturi idazle gasteiztarraren "La ciudad blanca" trilogiaren lehen eleberrian oinarritutako thriller dramatikoa da. Belen Rueda eta Javier Rey aktoreak dira Daniel Calparsorok zuzendu eta Gasteizen filmatu zen pelikularen protagonistak.
2016an, 20 urteko neska-mutil batzuen gorpuak biluzik agertuko dira Katedral Zaharrean. Javier Rey aktoreak Unai Lopez de Ayala perfil kriminaletan aditua den polizia inspektorearen papera egingo du, eta 20 urte libre daramatzan hiltzaile erritualaren bila hasiko da. Ikerketa kriminalean, Estibaliz (Aura Garrido) inspektorearen eta Alba (Belen Rueda) komisariordearen laguntza izango du. Gainera, duela 20 urteko hilketengatik kondenatutako presoak (Alex Brendemuhl) polizia ikerketan laguntzeko eskainiko du bere burua. Krimenen segidak eta sare sozialen jazarpenak mugara eramango dute Unai, hiltzaile aldakor eta bihozgabearen bilaketan.
Gasteizko 17 toki ezberdinetan egin zen filmaren grabazioa. Andre Mari Zuriaren plazako bigarren zenbakian bizi da filmaren protagonista, eta bertatik hiriko jaietako hainbat eszena filmatu zituzten, Txupinazoaren egunean eta Farolen prozesioan. Filmean agertzen diren eraikin eta toki nabarmenenak dira, besteak beste, Burulleria plaza, Katedral Zaharra, Harategien kantoia, Erdi Aroko hesia, Etxanobe lorategia, San Migeleko balkoia, Kordoi Etxea eta San Martineko bulegoak.
Estreinaldiaren aurretik, astero bezala, pelikularen inguruko xehetasun guztiak eskainiko ditu Felix Linaresek "LND" saioan. Besteak beste, filmazioaren, zuzendariaren eta protagonisten berri emango du eta, zehazki, Belen Rueda antzezlearen ibilbidea eta bizitza izango dute mintzagai.
Horrez gain, Línea caliente atalean, zinema munduko "bikote bitxiak" izango dituzte aztergai; eta, aste honetako estreinaldiaz gozatu aurretik, "amesgaiztoko kartzela" baten inguruan hitz egingo dute, datorren astean ikusgai izango den El hoyo pelikulako kartzelaz, alegia. Izan ere, EITBk maiatzean eskainiko dituen hiru estreinaldietan azkena izango da Galder Gaztelu-Urrutiarena.
Gure zinemarik onena, udaberri honetan
Euskal Telebistak gure zinemarik onenaren eskaintza ezin hobea prestatu du udaberri honetarako. Maiatzean zehar, asteartero, "La Noche De…" saioak hiru ekoizpen euskaldun arrakastatsu estreinatuko ditu: La trinchera infinita maiatzaren 11n estreinatu zuen; El silencio de la ciudad blanca gaur izango da ikusgai; eta El hoyo hilaren 25ean estreinatuko da. Hiru filmen artean, 68 izendapen eta 33 sari dituzte. Felix Linaresek "La Noche De…" zinema saioa eskainiko die filmei, bakoitzaren emanaldiaren aurretik.
EITBk hiru filmetan parte hartu du eta komunikazio taldeak zinemarekin duen konpromisoa sendotuz joan da urtez urte. Zinemaren aldeko apustu sendoa egin du EITBk azken hamarkada honetan, eta ikus-entzunezko sektorearen kolaborazioari esker, zine eta telebista ekoizpen egonkorra posible izan da, betiere, kalitatezko proiektu bideragarrietan oinarrituta.
"La Noche De...", erreferente
ETB2ko "La Noche De..." saioa erreferentziazko zinema saioa da Euskadin eta harrera bikaina izaten ari da. 25 urteko ibilbide luzearekin, Felix Linaresek aurkeztutako saioak, aurtengo denboraldian, % 11,3ko audientzia zatia eskuratu du bataz beste.
"La Noche De... El silencio de la ciudad blanca", gaur, 22:30etik aurrera, ETB2n eta eitb.eus-en.