Dokumentalak
'Haratago' saioa datorren astetik aurrera berriro ETB-1en
A.H.
EITB
Hasier Etxeberriak aurkeztutako dokumental saila arratsaldero eskainiko da 17:30etik aurrera.
Astelehenetik aurrera, 'Haratago' dokumental saioa Euskal Telebistara itzuliko da eta Hasier Etxeberriak aurkeztuta, egunero dokumental ezberdin bat eskainiko da 17:30etik aurrera. Saio bakoitzarekin, Hasier Etxeberriak gure jakimenaren gainetik pauso bat haratago joan nahi izango du, ikus.-entzuleentzat ezezagunak izan daitezkeen bitxikeriak aztertuz. Horrela, alor ezberdinak sakontasunez aztertuko dituzten erreportajeak eskainiko dira eta hainbat galderei erantzuna emango zaie: Zergatik ez dira loditzen pertsona argalak? Zergatik egiten dugu amets? Denbora beti berdin irauten omen du? Nola funtzionatzen du oroimenak?
Datorren asteari begira, BBCk ekoiztutako bost dokumental eskainiko dira. Astelehenean, pertsona argalak izango dituzte aztergai eta horretarako hamar pertsonekin egindako esperimentu eztabaidagarri bat erakutsiko dute: lau astez inoiz baino gehiago jaten jarriko dituzte. Zergatik ez dira berdin loditzen batzuk eta besteak?
Horrez gain, beste hainbat gai aztertuko dituzte astean zehar eta astearteko erreportajea gure ametsetan sartuko da, haien atzean ezkutatzen den mundu misteriotsuaren bila. Bidaia honek zenbait gauza aztertuko ditu, hala nola, ametsen esanahia eta gure biziraupenerako duten garrantzia.
Asteazkenean ordea, denbora izango dute hizpide eta denboraren hasierara joango da 'Haratago', Soken Teoria aztertuko du eta denboraren limitearen baitan ibiliko da, Brian Cox fisika irakasleak gidatuta. Ostegunean, robotikaren munduan murgilduko da saioa eta munduan zehar helburu bera bilatzen duten proiektu ezberdinak ezagutuko ditu: gizakiaren klon teknologiko bat sortzea ehlburu dute proiektuak, alegia.
Asteari amaiera emateko, gure memoria zer den eta oroitzapenek nola funtzionatzen duten aztertzen saiatuko da saioa eta horretarako, hainbat kasu berezi ezagutuko dituzte: bere oroitzapenik gaiztoenak pilula bidez ezabatzen ari den emakumea, zein memoria apurrik ez duen gizona ere.
'Haratago' egunero emitituko da arratsaldeko 17:30etik aurrera ETB-1en.