20:00etan
"Historias a Bocados" saioak Sobron gainaldea bisitatuko du gaur
EITB Media
Lantaron udalerrian kokatutako herria ezagutzen lagunduko diote Joseba Arguiñanori José María Nievak, Arantxa García de Iturrospek, Lourdes Alonsok, Mikel Gómezek eta Jon Sánchezek.
Aste honetako "Historias a Bocados" saioan Arabako Sobron gainaldea ezagutzeko gonbidapena luzatuko digu Joseba Arguiñano gozogile eta sukaldariak. Sobron behearekin batera Sobron kontzejua osatzen duen herria da, Lantaron udalerriaren barruan.
José María Nievak bere etxeko ateak zabalduko dizkio Josebari eta itsas zaporedun ogi-magiak prestatuko dizkio. Horrekin batera, bere emazteak, Arantxa García de Iturrospek, egindako postre goxoa, tututxoak, dastatuko dituzte. Ondoren, erortzear dagoen eliza, garai bateko harraska eta bolatokia erakutsiko dizkio José Maríak Josebari. Ingurua eraberritu nahi dute Sobrongo bizilagunek.
Lourdes Alonsorekin osteratxoa egingo du herrian. Dotore apainduta daude kaleak, loreontzi ikusgarriekin eta herriko zenbait emakumek jositako puntuzko mantatxoekin. Auzo elkartearen txokora joango dira jarraian eta bertan barazki menestra kozinatuko dute. Lourdesen semea, Mikel Gomez, agertuko da bertara.
Azkenik, Jon Sánchez ezagutuko du. Gasteizen jaioa den arren, Sobronen bizitzea erabaki du eta forja lantegia zabaldu du bertan. Enkarguzko piezak ez ezik, metalezko eskulturak ere egiten ditu. Sukaldean primeran moldatzen dela erakutsiko dio Josebari, barazki eta haragi xehatuarekin betetako arepa edo taloak prestatuko dizkio.
"Historias a Bocados" igandeetan dugu ikusgai, 20:00etan, ETB2n eta eitb.eus-en.