Kirolak
Herri kirolak, pilota eta txirrindularitza, gaur, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Binakako Pentatloia, Suitzako Itzulia eta Banakako txapelketa izango ditugu.
Herri kirolek, pilotak eta txirrindularitzak osatuko dute gaurko kirol eskaintza ETB1en eta eitb.eus-en.
"Helmuga" saioan txirrindularitza izango dute ardatz. Protagonista nagusia Mikel Ugartemendia pasaitarra izango da. Afizionatu mailan bikain aritu eta gero, profesionaletarako jauzia eman zuen, baina hiru denboraldi baino ez zituen egin. Ez zuen nahi besteko mailarik eman. Ondoren Pasai San Juanekin aritu zen arraunean eta Kontxak irabazi zituen eta Behobia Donostian ere 10 lehenengoetan sailkatu zen sarritan. Egun egurra lantzen aritzen da eta egurrezko bizikleta bat ere egin du. Basque Teameko ohiko erreportajeari dagokionez Eider Merino, Lourdes Oiarbide eta Ane Santesteban emakumezko txirrindulariak nola prestatzen ari diren ikusiko dugu.
Pilotan, Banakako Txapelketako lehen mailako hirugarren postua erabakiko duen Zabaleta vs Rezusta partida emango da Irungo Uranzu pilotalekutik. 18:00etan egingo du bat Euskal Telebistak jaialdiarekin.
Txirrindularitzari dagokionez, Suitzako Itzulia emango dugu egunero ETB1en eta esklusiban gaurtik aurrera, 15:30ean hasita.
Azkenik, herri kiroletan Binakako Pentatloi Txapelketako finalerdia izango da ikusgai 11:30ean hasita.