Igandean, 21:00etan
Zerain eta Munitibar herrien bizitzan murgilduko da 'Bizirik' saioa
A.H.
EITB
Bi herrietako bizilagunek beren bizimodua azalduko dute dokumental honetan.
Igande honetan Euskal Herriko bi herri txikitara bidaia proposatzen du ETB-1ek: Gipuzkoako Zerainera eta Bizkaiko Munitibarrera. Gaueko 21:00etatik aurrera eskainiko den 'Bizirik' dokumentala bi herrietako eguneroko bizitzan murgilduko da, bertako bizilagunen laguntzarekin.
Zerainen, herriko irakaslearekin eta haur zaintzaile birekin egongo da 'Bizirik' eta haurrekin egiten duten lanaz arituko dira beraiekin. Artzain bikote batekin ere izango dira eta baserrian egiten duten bizitzaz hitz egingo dute, ardien zaintzak duen lana azalduz. Horrez gain, herrian eta eskualdean turismoa sustatzen lan egiten dutenekin ere izango dira: turismo bulegoko langile batekin eta Oiharte nekazal turismoko kideekin. Herriko beste hainbat bizilagunek ere euren bizimodua azalduko dute igandeko dokumentalean.
Eta Gipuzkoatik Bizkaira salto eginez, Munitibarren egingo du parada 'Bizirik' dokumentalak. Bertan, herriko okina eta haren lana ezagutuko dute. Ondamendi taberna ezaguneko langileekin egongo dira, haien eguneroko lanaren lekuko izanez, eta horrez gain eskolako zuzendariarekin izango dira, eskolaren funtzionamenduaz berbetan.
'Bizirik' igande honetan eskainiko da 21:00etatik aurrera ETB-1en.