''El Conquis''en 22. atala
Kanporaketa hirukoitza "Conquis"en: Bego, Ester eta Joana abenturatik at daude
EITB Media
Atabey taldeko kide ohiek ezin izan dute kakoen dueluan gutxienekoa gainditu. Ez hori bakarrik, tentsio uneak izan dira Joana eta Begoren artean, eta futbol-jokalari ohiaren jarrera gaitzetsi dute.
Topera ez ahalegintzea garesti ordaintzen da "El Conquistador del Caribe" saioan, bereziki, finalaren atarian. Kakoen duelua adibide garbia da, Joana, Ester eta Bego abenturatik at geratu baitira. Hiruretako batek ere ezin izan du gainditu dueluko lehendabiziko langeta. Hori bai, giroa gori-gori jarri da eta tentsio-uneak izan dira Joana eta Begoren artean. Gasteiztarra lekuz aldatu da aurrera egiteko asmoz, bidea oztopatu dio Joanari, eta futbolari ohiak hankatik eta sokatik egin dio tira. Bego, baina, lekuz aldatu da berriro, liskarrik ez izateko. Azkenean, hirurak kanporatu dituzte, eta, hortaz, neskek kolpe gogorra jaso dute. Orain, Nahiak eta Andreak bakarrik dute ikurrina irabazteko aukera.
Alderantzizko sarearen jokoan azkena izan da Joana. Lezamarrak bidaia gehiago egiteko asmoa zuen, baina azkenean bakarra egiteko gai izan da. Jatekoa ziurtatu nahi izan du, eta duelura joatera arriskatu da. Probaren irabazlea, beste behin, Aitor izan da. Hiru banderatxo hartu ditu, eta horrek kanpamentu aberatsera bidali du zuzenean. Hori bai, datozen jokoetan irabazi egin behar du, bai ala bai, ez baitu ezer jateko.
Jokoa irabazita, Muskizkoak Andrearekin partekatu du saria, askoren harridurarako. Aitorren esanetan, finalera lehiakide indartsu eta lehiakorrenekin iritsi nahi du, hau da, pista amerikarreko horma gainditu dutenekin. Baina gero, Bego bidali du zuzenean duelura. Lehiakide indartsua dela aitortu duen arren, ez du ongi ezagutzen, abenturan bateratzea iritsi arte ez dira inoiz batera izan, eta, arrazoi horregatik, eta Andreak berak eraginda, agian, Bego jarri du arriskuan.
Bestalde, bileran gehienek Esterri eman diote botoa. Nafarrak ongi hartu du hasiera batean, Joanak izendatu duela jakin arren. Baina gero, lezamarrak Cacata taldekoei laguntza eskatu diela susmatuta, Cuyaya taldeko neskak haserretu egin dira.
Kanporaketa hirukoitz honen ostean, bederatzi lehiakide geratzen dira bidean: Cuyaya taldeko lau (Nahia, Patxi, Oskar eta Duque) eta Cacata taldeko bost (Andrea, Aitor, Binbi, Beko eta Yanci). Ikusteko dago nork irabazten duen datorren immunitate jokoa eta zein estrategia darabilten lehiakideek; izan ere, edozer gerta liteke hemendik eta final handira.
Ez ezazu galdu "El Conquistador del Caribe", astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en. Gainera, saioaren atalak EiTB Nahieranen, app berrian eta EITB Mediako gainerako euskarri digitaletan ikus daitezke.