San Sebastian jaia
San Sebastian jaiaz 'Finlandia' berezia eta danborradak, zuzenean
A.E.
EITB
Danbor hotsez beteko dute 'Finlandia' berezia. Horrez gain, Donostia eta Azpeitiko jaien hasiera ekitaldia, Donostiako haurren danborrada eta banderaren jaitsiera ere eskainiko dituzte.
San Sebastian jaia zuzenean jarraitzeko aukera eskainiko du ETBk ostegun eta ostiralean. Zuzenean danborrada emateaz gain, atariko gisa, San Sebastianen inguruko saio berezi bat ere prestatu du 'Finlandia'ko lan-taldeak.
Saio berezia gaueko hamarretan hasiko da Aitziber Garmendiak eta Ainere Tolosak aurkeztuta. Hasteko, harmailetan eserita egongo den publikoa Union Artesana danborrada konpainiako kideak izango dira, saioan zehar parte hartuko dutenak musika piezak joz.
Gonbidatu bereziak ere izango dituzte festa honekin lotuta: Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Martin Berasategi Urrezko Danborra jasota duen sukaldaria, Oscar Terol aktore eta aurkezlea, eta Xabier Saldias eta Iñaki Bergara Kaxkurrio azpeitiarrak (han ere festa eguna dela ez ahazteko). La Oreja de Van Goh-ek ere agurra bidaliko du. Bideo sorpresa ugari egongo dira eta 'Finlandia'n igandetik aurrera azaltzen hasiko diren esketx berrien aurrerapenak ere bai.
Horrez gainera, ondoren, zuzen-zuzenean danborrada eskainiko du ETB-1ek, Donostia eta Azpeitiko San Sebastian jaiei tarte berezia eskainiz.
'Danborrada Gaua' 23:30ea abiatuko da ostegunean. Imanol Artola Donostiako Konstituzio plazan izango da eta zuzenean emango du festaren nondik norakoen berri. Udal liburutegiko erlojuak gauerdia markatzen duenean entzungo dira lehen danbor hotsak Donostian.
Gauerdia baino lehen, hainbat konexio egingo dituzte Azpeitiarekin, elkarteak herriko plazan nola sartzen diren ikusteko. Izaro Iraeta eta Miguel Zendoia aditua arituko dira bertan gertakarien kontakizuna egiten. Ikus-entzuleek oso-osorik ikusi ahal izango dute Azpeitiko festa 00:35etik aurrera, behin Donostiakoa bukatuta.
Ostiralean, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista. Emanaldia 11:30ean hasiko da eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta Alderdi Ederretik abiatuko den ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azalduko dituzte.
San Sebastian jaiari amaiera bandera jaitsierarekin emango zaio, Union Artesanaren eskutik. Imanol Artolak gertatzen den guztiaren berri emango du zuzen-zuzenean.