Txirrindularitza
Frantziako Tourra, uztailaren 18ra arte, zuzenean, EITBn
EITB Media
Munduko txirrindularitza lasterketarik prestigiotsuena, arratsaldero, EITB komunikazio taldeko hedabideetan: ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.
EITBko hedabideek zuzenean eskainiko dute ekainaren 26tik uztailaren 18ra jokatuko den Frantziako Tourra. Munduko txirrindularitza lasterketarik prestigiotsuena ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en jarraitzeko aukera izango dugu, EITBk beste behin kirol hitzordu garrantzitsuenen alde egin duen apustuari esker.
Telebistan "On Tour" saioa gidatuko dute Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak 15:00etatik 18:00etara, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en. Bertan, etapa bakoitzaren kontakizuna eta analisia egingo dute, txirrindularitza munduko gonbidatuak lagun dituztela. Alabaina, nahi duenak Tourrarekin lehenago konektatzeko aukera izango du ETB4n eta eitb.eus-en.
Euskadi Irratiak etaparen azken txanpa eskainiko du egunero, 16:00etan hasita. Joxe Mari Apaolaza buru dela, honako hauek osatuko dute berriemaile eta komentarista taldea: Jon Altuna, Eugenio Goikoetxea eta Mikel Astarloza. Asteburuan, berriz, "Hiru Erregeen Mahaia"k emango du lasterketaren berri.
Radio Euskadin eta Radio Vitorian, halaber, egunero egingo diote tartea Tourrari arratsaldean, zuzenean, Dani Egaña, Joseba Beloki eta Edu Garciaren eskutik.
Etapa guztiak streaming bidez ikusteko aukera izango da eitb.eus atarian zein EITB Albisteak eta EITB Nahieran mugikorretarako aplikazioen bitartez.
EITBren eskutik, zaleek goi mailako txirrindularitzaz gozatuko dute eta #OnTourEITB lehiaketan parte hartuz EITBren maillot eta kulot bat irabaz ditzakete egunero eta EITBko txirrindularitza komunitatearen kide bihurtuko dira.
Zortzi txirrindulariz osatutako 23 talde aterako dira larunbatean Brest hiritik Frantziako Tourreko 108. edizio honetan. Pogacar, Roglic, Alaphilippe, Thomas, Carapaz, Van der Poel eta Van Aert bezalako mundu mailako izarren ondoan zazpi euskal txirrindulari izango dira lehian, tartean, Alex Aranburu, Pello Bilbao eta Victor de la Parte.