Saio berezia
Txillardegiri buruzko saioarekin ekingo dio 'Sautrela'k denboraldiari
A.E.
EITB
Aurten 13. urtea betetzen du 'Sautrela' saioak ETB-1eko pantailan. Elkarrizketa eta erreportajeak labean dira, baita Arantxa Iturbek saioz-saio ekarriko dituen irakurketa ederrak ere.
Larunbatean ekingo dio 'Sautrela'k denboraldi berriari eta Txillardegiri eskainiko diote lehen atala oso-osorik. Aurten 13. urtea betetzen du literatura saioak ETB-1eko pantailan. Elkarrizketa eta erreportajeak labean dira, baita Arantxa Iturbek saioz-saio ekarriko dituen irakurketa ederrak ere.
Denboraldi berria hasteko derrigorrezkoa eta ezinbestekoa zaigun saio berezia eskainiko dute. Duela astebete eskas zendu zen Jose Luis Alvarez Enparantza 'Txillardegi' idazle eta hizkuntzalaria. Zurtz utzi ditu euskalgintza eta literaturaren zati handi bat. Bere omenetan izango da osorik urtarrilaren 21ean, larunbatez emitituko den saioa.
Izan ere, askorentzat ezezaguna da, esaterako, Txillardegik euskalgintzan egin zuen lana. Besteak beste, lehen euskal nobela modernoaren idazlea izan zen, Leturiaren egunkari ezkutuarekin. Mugarri bat ezarri zen euskal nobelagintzan Txillardegiren lanarekin.
Bernardo Atxaga, Laura Mintegi, Joxe Austin Arrieta, Xabier Mendiguren, Jokin Apalategi eta Joxan Agirre, nork bere ertzetik emango du Txillardegiri buruzko iritzia eta, jakina, 'Sautrela' saioetan izandako Txillardegiren beraren hitzak eta irudiak ere bilduko dituzte. Gertuko Txillardegi eman nahi dute ezagutzera: Txillardegi idazlea, militantea; hizkuntzalaria.