ETB2n eta eitb.eus-en
Gaur hasiko da "El Club del Tupper" saioaren denboraldi berria, Javi Sierraren eskutik
EITB MEDIA
'Konkistatzeko errezetak' izango da lehen atalaren izenburua, eta "El Conquistador" saioko Seleta, Andrea Azkune eta Isma Pereira lehiakide ezagunak ikusiko ditugu bertan, oraingoan, sukalde kontuetan lehian.
Gaur gauean, uztailak 12, itzuliko da ETB2ra "El Club del Tupper" saioa. Joan den udan izandako arrakastaren ostean, Javi Sierra sukaldariak telefonoa hartu du berriz ere, gure inguruko aurpegi ezagunei gonbidapena egiteko. Sukaldean duten trebetasuna erakustea izango dute erronka nagusi. Kirolariak, antzezleak, abeslariak, aurkezleak, politikariak... hainbat pertsonaia ezagun izango ditugu pantailan, Urrezko Tupperra irabazi nahian.
Beste behin, lehiakideek etxean kozinatuko dute, eta egindako platera gainerako lehiakideei bidaliko diete, tupper baten barruan. Plater guztiak probatu ostean, bakoitzak bere faboritoa aukeratuko du; hori bai; oraingoan ere ez dute gainerako lehiakideen izenik jakingo. Amaieran, Tuperraren Klubean elkartuko dira hiru gonbidatuak eta aurkezlea, tuper goxoena zein den aukeratzeko. Bozketan berdinketa egonez gero, Javi Sierraren botoak erabakiko du irabazlea nor den.
Seleta, Andrea Azkune eta Isma Pereira, denboraldiko lehen saioan
Konkistatzeko errezetak izango da denboraldi berriko lehen atalaren izenburua eta, sukaldean ikusiko ditugu "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren hiru lehiakide ezagun: Xabier Garate (Seleta), Andrea Azkune eta Isma Pereira. Oraingoan, baina, ikurrinaren ordez Urrezko Tupperra izango dute jokoan.
Seletak itsas giroko plater baten alde egingo du: Zapoa saltsa amerikarrarekin. Andreak ere arraina aukeratuko du lehiatzeko, kasu honetan legatza bizigarri berezi xamar batekin: kuiatxo-saltsarekin. Isma, berriz, goi sukaldaritzako plater bat kozinatzera ausartuko da: Arrautza frijituen tramankulua patatekin eta perrexil-belakiarekin. Beste behin, hiru gonbidatu ekarriko dizkigu Javi Sierrak, eta hirurek erakutsiko digute sukaldean duten trebezia, edo trebezia falta.
Audientzia harrera bikaina lehen denboraldian
Joan den udan, audientzia arrakasta handia izan zuen saioak lehen denboraldian, zortzi astez jarraian audientzia-buru izan baitzen astelehen gauetan. Programak, batez beste, % 14,2ko audientzia-zatia bereganatu zuen eta 207.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen Euskadin eta eragin eremuan.
Gastronomia, umorea eta aurpegi ezagunak izango dira oraingoan ere "El Club del Tupper" saioaren osagai nagusiak denboraldi honetan. Gaurtik aurrera, astelehenetan, 22:30ean, ETB2n eta eitb.eus-en.