Itxi

Bidaiak

Cancuneko hondartzetara bidaia, gaurko "Vascos por el Mundo" saioan

EITB Media

Mexikora egingo dute bidaia Pedro Mardones erreportariak eta Ruben Ruiz kameralariak. Nazioarteko turistek bertan gehien bisitatzen duten tokia ezagutuko dute, Mikel, Joseba, Peru eta Remeren eskutik. Natura, abentura kirolak eta festa dira erakargarri nagusiak.

Pedro Mardones kazetaria Cancunen. EITB Mediako irudia.

Cancuneko hondartzetara egingo du bidaia "Vascos por el Mundo" saioak gaur gauean. Maletak hartu eta Mexikora joko dute Pedro Mardones erreportariak eta Ruben Ruiz kameralariak, nazioarteko turistek herrialde horretan gehien bisitatzen duten tokia ezagutzeko. Kilometrotako hondartzak, harea zuria eta ura turkesa, Riviera Maya paradisua ere izateraino. Natura, abentura kirolak eta festa dira interesgune nagusiak, eta guziez gozatzeko aukera izango dute bertan bizi diren lau euskaldunen eskutik: Mikel, Joseba, Peru eta Reme.

Cancuneko hondartzak bisitatzeko ibilaldi zoragarriari ekingo diote Katamaranean. Balea marrazoarekin uretan egoteko aukera izango dute, munduko arrainik handienarekin, alegia; eta pirata euskaldun baten istorioa ere ezagutuko dute. Aktun-Chen natura erreserbako fauna ere bertatik bertara ikusiko dute eta, nola ez, Yucatanera joko dute, Chichén Itzá bisitatzeko. Milaka urte dituen hiria da, eta bertan dago mundu modernoko zazpi mirarietako bat: Kukulkaneko piramidea.

Holbox uhartea da igandeko saioan ikusgai izango dugun beste lekuetako bat. Arrantzaleen uharte txikia izanik, Cancuneko hondartza birjin eta bohemioenetako batzuk aurkituko dituzte bertan. Langosta pizza dastatzeko aukera ere izango dute. Azkenik, Akumalen ere izango dira, dozenaka tortuga berderen bizitoki den natura erreserban; eta Playa del Carmen entzutetsuaren bi aldeak erakutsiko dizkigute: turistikoena eta ezezagunena.

"Vascos por el Mundo" igandero izaten dugu ikusgai, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.

Informazio gehiago (2)