Kirolak
Estropadak, esku pilota eta herri kirolak, asteburuko kirol eskaintzan
EITB Media
Hondarribiko Bandera eta Txingudi Bandera, Aizkolarien Urrezko Kopa eta Caixabank Mastersa Berako Eztenaga Frontoitik izango dira ikusgai.
Kirol eskaintza betea izango dugu asteburu honetan ETB1en eta eitb.eus-en.
Herri kirolen emanaldiarekin hasiko da larunbatean kirol eskaintza ETB1en. 16:00etan, Amaiurren abuztuaren 15ean jokatutako 45. Amaiurko Artzain Txakur Txapelketa izango da ikusgai. Iñigo Aiestaran eta Arantxa Lekuona arituko dira esatari lanetan.
18:00ak aldera berriz, Eusko Label Liga traineru estropadak emitituko dira. Ondarroako Bandera lortzeko lehian arituko dira arraun taldeak.
Igandean ere, estropadak eskainiko dira, Hondarribitik oraingoan. Emanaldia 11:30ean hasiko da emakumezkoen Txingudi Banderarekin. Orio, Donostia Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia arituko dira txanda bakarrean. Ondoren, Eusko Label Ligaren baitan, Hondarribiko Bandera izango da jokoan.
Bazkalostean, 16:00etan, herri kirolentzako tartea zabalduko da. Abuztuaren 15ean Donostiako Trinitate plazan jokatutako Aizkolarien Urrezko Kopa txapelketa jarraitu ahal izango dute ikus-entzuleek. Beste urteetan ez bezala aurten kanporaketak jokatu dira finalistak erabakitzeko.
Kirol emanaldiekin bukatzeko, esku pilota profesionala izango dugu; 17:00etan hasiko da emanaldia. Berako frontoian arituko dira nor baino nor gehiago Agirre-Larunbe eta Zabala-Bikuña bikoteak. Ondoren, Eztenaga frontoiak Altuna III-Aranguren eta Urrutikoetxea-Martija bikoteen partida hartuko du, Caixabank Mastersaren barruan.