Larunbat honetan
Unai Brea eta Gorka Bereziartua kazetariak, 'Hitzetik Hortzera'n
A.A.
EITB
Azken egunotako bertsoaldi onenak errepasatzeaz gain, hil berri den Manuel Lasarte bertsolaria ere gogoan izango dute.
Manuel Lasarte zena omenduko du astean 'Hitzetik Hortzera' bertso-programak. Bertsolari handiaren hiletan grabatutako irudiekin eta Lasarteren aukeratutako ale batzuk zuri-beltzean emanaz egin dio lantaldeak omenaldia.
Platoan euskarazko telebistagintzako bikote lotsagabeena hartuko du Jon Artano Izetak: astero Argia komunikazio taldeak sareratzen duen Beranduegi web-telebistako albistegia aurkezten duten kazetariak, Gorka Bereziartua Mitxelena eta Unai Brea Gonzalez. Euren lanaz, bertsolaritzaz egin izan dituzten txisteez eta umoreaz oro har jardungo dira.
Bertsoaldiak Debako bertso afari batetik (Jon Maia eta Maialen Lujanbio), Beasaingo beste batetik (Iker Zubeldia eta Unai Iturriaga) eta Donostiako Kafe Antzokian egindako saio musikatu batetik (Arkaitz Oiartzabal Xamoa, Beñat Gaztelumendi, Jokin Labayen eta Jon Martin) hartu dituzte. Gainera Bidalitakoak atalean Bilgune Feministak Donostian egindako bertso-bazkari bateko irudiak erakutsiko dituzte (Onintza Enbeita eta Amaia Agirre).
'Hitzetik Hortzera', larunbat bazkalostean, 'Gaur Egun'en ondoren, ETB-1en, eta aurretik ikusgai eitb.com/nahieran-en.