Itxi

15:30ean, ETB-1en

Literatura eta politikaren arteko harremanaz, igandeko 'Sautrela'n

Literatura politikoa zer den aztertuko du Hasier Etxeberriak aurkeztuko duen saioak.

'Sautrela', Hasier Etxeberria. Argazkia: EITB

Literatura eta politika lotzen dituen monografikoa eskainiko du aste honetan 'Sautrela'k, hilaren 19ko igandeko emanaldian. Funtsezko galdera bati erantzun nahi dio erreportajeak: zer da literatura politikoa? Eta alderantziz,  zer da literatura ez-politikoa? Izan ere, estuki eta ezinbestean loturik dauden kontzeptuan izanik, literaturari ez zaio inoiz ‘politiko’ adjektiboa gustatu. Herabea da literatura, politiko izenak ekar dakiokeen kalteengatik izu antzera. Politikoa dena, Eider Rodriguez idazleak dioen bezala, 'ez baita literario; izango da militante, izango da partidista, baina ez literario'. Horrexegatik, politiko den horrexek literaturari inpartzialtasuna edota purutasuna ebazten diolako egin nahi dio literaturak politikari ihes.

Hau guztia hala izan arren, badira hainbat kasu, non liburuaren izaera politikoa ez den ezkutatzen, edo, areago, non liburuaren izarera politikoa azpimarratu egiten den. Kritikak egin ohi du lan hori, eta, erreportajeak azaltzen duenez, salaketa hori bereziki ezkerreko idazleei egiten zaie, edo egin izan zaie historikoki, bai atzerrian, eta bai Euskal Herrian ere.

'Sautrela'k erreportajerako bildu dituen adituek hala azaldu dute, baita horri buruzko xehetasun ugari eman ere. Saioak bildu dituen adituen artean, Eider Rodriguez, Beñat Sarasola eta Xabier Mendiguren aurkituko ditugu, horrela, literaturaren hiru esparru elkartzea lortu ditu erreportajeak: idazleak, editoreak, eta kritikariak.

'Sautrela' igandean eskainiko da 15:30etik aurrera ETB-1en.