Itxi

Estreinaldia

'Chiloé' saioaren denboraldi berria, igandean, ETB-3n

A.H.

EITB

Xuban Intxaustik aurkeztutako bidaia saioa igandetan eskainiko da 22:30etik aurrera.

Xuban Intxausti, 'Chiloé' saioko aurkezlea. Argazkia: EITB

'Chiloé' bidaiei buruzko saioa denboraldi berriarekin hasiko da ETB-3n igande honetatik aurrera. Mundu osoko kultura eta herrialdeetan barneratu da saioa berezko ekoizpenarekin egindako zortzi ataletan, Alberto Arizkorretaren zuzendaritzapean.

Zazpigarren denboraldia berrikuntza ugarirekin dator. Xuban Intxausti aurkezle berriak Ekuador, Holanda, Lituania edo Tahitiko txoko ederretan barrena gidatuko ditu ikus-entzuleak igandero 22:30etik aurrera.

Ekuadorren eta bertako Quito hiriburuan hasiko da bidaia Chiloen. Andeetako lurraldean barrena abiatuko dute txangoa, baita Cuenca hirian zehar ere. Ondoren, Europako bi hiri bisitatuko dituzte: Amsterdam eta Rotterdam. Hurrengo saioetan, historia berezia duen Europa erdialdeko herrialde bat ezagutuko dute ikusleek: Lituania. Azkenik, Pazifiko erdiraino egingo dute salto. Taihitin, esaterako, Bora Bora, Tah´a edo Huaine uharteak bisitatuko dituzte.

Igande honetan, Ecuador: Alausi, Otavalo, Quito

Denboraldiaren lehenego atala Otavaloko parke geobotanikoan hasiko da eta Xuban Intxaustik Cohasquiko eremu arkeologikoa eta Ekuadorreko arrosen plantazio bat ezagutuko ditu. Horrez gain, Quiton barrena murgilduko da aurkezlea, hiriko erdigune historikoan zehar ibiliko da eta munduko erdialdea izena hartzen duen tokian egongo da. Xubanek, gainera, Jaime Guevara kantautorea aurkeztuko du kameren aurrean eta Vulgomaestre taldearen diseinu berriak ezagutuko ditu, besteak beste.